Abadiñoko Udalak (Bizkaia) suteen kontrako alarmak instalatuko ditu pertsona nagusien etxean

Actualizado 2011/03/10 17:56:30 CET
ABADIÑOKO UDALA

BILBO, 10 Mar. (EUROPA PRESS) -

Abadiñoko Udalak (Bizkaia) suteen kontrako alarmak jarriko ditu doan 80 urtetik gorakoen etxeetan, eta etxe horietako segurtasun baldintzak aztertuko ditu, hutsak konpontzeko. Horretarako, eskutitzak bidali dizkie bakarrik edo beste pertsona nagusi batekin edo batzuekin bizi diren 80 urtetik gorako bizilagunei, gailu horiek instalatzeko baimena eman dezaten eskatzeko. Tokiko arduradunek espero dute 150 pertsonek eskatuko dutela detektagailua doan instalatzea.

Detektagailuak ezohiko ke maila antzematen duenean, alarma aktibatzen da, eta, horrela, istripuak ekiditen dira. "Sarritan, Bizkaiko suhiltzaileek itzali beharreko suteak ahaztutako eltzeek edo ondorio ikaragarriak izan ditzaketen bestelako istripu txikiek sortzen dituzte. Detektagailu horien bidez, horrelako gertakariak ekidin nahi ditugu, eta gure bizilagunen segurtasuna hobetu", adierazi du Jose Luis Navarro alkateak.

Detektagailuak Atiempo enpresak instalatuko ditu, eta, alarmak jarri aurretik, enpresa horretako teknikari batek eta gizarte-laguntzaile batek etxebizitzak bisitatuko dituzte, ezaugarrien azterketa egiteko. Lekurik egokiena zein den aztertzeaz gain, argindar eta gas instalazioak berrikusiko dituzte, segurtasun arazoak dauden ikusteko.

Ikuskapena egin ostean, teknikariak bisitan aurkitzen dituen hutsak konponduko ditu, hala nola segurtasun sareak libratzea edo bestelako arazo txikiak. Arazoak larriak balira, zerbitzuen enpresa hornitzaileek bisita egitea gomendatuko du.

Era berean, teknikariak eraikinaren planoa egingo du, eta Udaltzaingoari emango dio, larrialdietan eskura izan dezan. Gainera, bizilagunei aholkuak emango dizkie, suteetan zer egin jakin dezaten.

Etxeak bisitatu ondoren, enpresen arduradunek txostena igorriko diete udaleko gizarte zerbitzuei, ustez abandonatuta bizi diren pertsona nagusien kasuekin.

Detektagailuen instalazioa eta etxez etxeko bisitak hilaren 14an hasiko dira, eta borondatezkoak dira. Alkateak eta Marisa Vazquez Ongizate zinegotziak 80 urtetik gorako bizilagunei kanpainan parte hartzea gomendatu diete.