Publicado 2020/7/2 16:37:48 +02:00CET

Adinekoentzako eguneko arreta zerbitzua jarri du berriro martxan Donostiako Udalak

Goizaldiak zerbitzua
DONOSTIAKO

DONOSTIA, 2 Jul. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Udaleko Gizarte Ekintza Sailak kudeatzen duen 'Goizaldiak' adinekoentzako eguneko arreta zerbitzua berriz ere dago martxan hiriko lau zentrotan, covid-19aren pandemiak eragindako egoeran bertan behera izan ondoren. Edonola ere, konfinamenduan zehar ere erabiltzaileen jarraipena egin da, kontaktua mantendu dute eta, besteak beste, jarduerak burutzeko materiala bidali zaie.

Adineko pertsona ahulen autonomia mantentzen lagundu eta adinekoari bere ohiko giroan iraunaraztea lortu nahi dira zerbitzuaren bidez, bai eta haien sozializazioa bultzatzea ere, dagokion kasuetan, isolatze egoerak konpentsatzeko.

Hainbat talde jarduera egiten dira, hala nola gimnasia egokitua, erlaxazio lantegia, esku terapia, lantegi ludikoak, memoriakoak, ikus-entzunezkoenak bai eta, bizi kalitatea hobetze aldera, zahartze aktiboa sustatzeko eta harreman sozialak izateko beste zenbait jarduera ere.

Zerbitzua berriro eskaintzearen garrantzia nabarmendu du Aitziber San Roman Gizarte Ekintzako zinegotziak: "Oso berri ona da, eguneroko bizitzan zailtasunak izan ditzaketen adineko pertsonei berriro ere horrelako zerbitzua eskaini ahal izatea etenaldiaren ostean. Gehienentzat, 'Goizaldiak' sozializatzeko aukera paregabea da".

Zerbitzua astelehenetik ostiralera ematen da, 10:00etatik 13:00etara, urte guztian, Egiatarra Elkartean, Bidebietako Guardaplata Elkartean, Altzako Nao Etxea Elkartean eta Groseko udalaren lokalean (Nafarroa Behera 7).

Iaz 40 bat erabiltzaile izan zituen, eta erabiltzeko betekizunak dira 65 urte gora izatea, autonomoa edo mendekotasun moderatuduna izatea, Donostian erroldatua egotea, osasuna eta gizarte harremanak hobetu edo mantendu nahi izatea eta aisialdiko jardueretan parte hartu nahi izatea dira.

Azkenik, San Romanek ziurtatu duenez, zerbitzua behar bezala eta baldintza egokietan abiatzeko, osasun publikoak emandako protokoloak eta neurriak hartu dira kontuan, garbitasuna indartuz, aireztapena bermatuz, betebeharren informazio kartelak ipiniz, mahaiak kenduz eta jarduerak egokituz, besteak beste.