AEK-k dinamika berria abiatuko du euskalduntze mugimenduaren garrantzia plazaratzeko

AEKren ekimen berria.
AEK
Actualizado: martes, 23 febrero 2021 11:57

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

AEK-k 'Bultza euskaltegiak!-Bultza euskara!' izeneko dinamika jarriko du abian datozen hilabeteetan, aurten ere euskalduntze mugimenduak duen garrantzia plazaratzeko. Ekimenak agerian utzi nahi du euskaltegiek duten "ezinbesteko rola" Euskal Herria euskalduna izango bada, eta bide horretan, herritarren nahiz eragileen babesaz gain, "administrazioen laguntza ere behar-beharrezkoa" dela nabarmendu dute AEK-ko arduradunek.

Izan ere, AEKren arabera, Euskal Herriko herritarren %55 erdalduna da, eta, "berdintasunean oinarritutako jendartea amets badugu, argi dago herritar helduen euskalduntzea beharrezkoa dugula, guztion eskubideak bermatzeko zubia delako". "Beraz, euskaltegi sendoak behar ditugu. Bide onetik goaz, urtero 45.000 herritarretik gora euskara ikasten ari baitira horietan, baita pandemiak eragindako ikasturte ezohiko honetan ere", azaldu dute.

Ekimenak hiru ardatz izango ditu. Alde batetik, gutun bat helaraziko zaie Euskal Herriko administrazio nagusiei, datozen urteetan euskalduntze mugimenduak nolako baldintzak izan behar dituen jasota. Aldi berean, mota guztietako eragileekiko lan ildo amankomuna ere jorratzen ari da AEK, eta harreman horiek sustatzen segituko du, "eragileek aurrerapauso gehiago emateko, akuilu lana ere egin dezaten beren eremuan, gobernuek eta herritarrek jokatzen duten rolaz gain, eragileek ere paper garrantzitsua dutelako".

Bigarrenik, herritarren bultzada bilatu nahian, Euskal Herriko hainbat tokitan 'Bultza Euskaltegiak!' ekitaldi xumeak antolatuko ditu martxoaren 28an, unean uneko osasun neurrietara zeharo egokituak. Une honetan, 45 gune lotuta daude 12:00etan ekitaldiak aurrera eramateko, baina behin betiko zerrenda ez da oraindik itxi. Gune gehiagotan egiteko aukerak aztertzen jarraitzen du AEK-k.

EKARPENAK JASOTZEKO KANPAINA

Azkenik, astearte honetan hasi eta martxoaren amaierara arte, 'Bultza euskaltegiak-Bultza euskara! egizu ekarpena' kanpaina ere abiatu du AEK-k. Izan ere, Korrika atzeratu izanak "zuloa" eragin dio aurrekontuan, eta banku bidezko finantzaketaren bitartez eman dio erantzuna, hasiera batean.

"Zorpetze horri ere aurre egin beharko diogu, eta herritarren sostengua nahi dugu. Aurten bultzada txiki bat, eta hurrengo ikasturtean izango den Korrikak babes erraldoia jasoko duelakoan gaude, benetan behar dugu-eta. Ekarpenak AEKren webgunean egin daitezke, hainbat eratan", azaldu dute.