'Agur Etxebeste!' 38 zinema aretotan estreinatuko da asteburu honetan

- EUROPA PRESS - Archivo

Actualizado: viernes, 27 septiembre 2019 11:15

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

Asier Altuna eta Telmo Esnal zinemagileek zuzenduriko 'Agur Etxebeste!' filma 38 zinema aretora helduko da ostiral honetan, joan den asteartean Donostia Zinemaldiko Zinemira sailaren galan, asteazkenean Bergaran eta ostegunean Bilboko Azkuna Zentroko Golem aretoan izan diren aurretiko estreinaldien ondoren.

Filma Euskal Herri osoko aretoetan eta Madril, Bartzelona zein Logroñon izango da ikusgai. Pelikula euskaraz egina da, eta euskara hutsean edo euskaraz eta gaztelaniazko azpitituluekin ikusteko aukera izango da, aretoak erabakitakoaren arabera, bere arduradunek jakinarazi dutenez.

Bizkaian, ostiralean, Bilbon, Barakaldon, Getxon, Leioan, Portugaleten, Galdakaon, Durangon eta Zornotzan izango da ikusgai 'Agur Etxebeste!', eta larunbatean, irailaren 28an, Basaurin, Gernikan, Bermeon eta Lekeition.

Gipuzkoan, berriz, Bergaran, Irunen, Errenterian, Zumaian, Eibarren, Azpeitian, Andoainen, Zarautzen eta Ordizian estreinatuko da filma ostiralean, eta larunbatetik aurrera Arrasaten, Tolosan eta Donostian ere izango da ikusgai.

Araban, 'Agur Etxebeste!' Gasteizen eta Etxebarrin izango da ikusgai ostiralean, eta Nafarroan, Iruñea, Lizarra, Viana, Cordobillan eta Uharteko zinema aretoetan. Madril, Bartzelona eta Logroñon ere estreinatuko da.

'Aupa Etxebeste!' filman gertatutakotik 14 urte igaro direnean, Patriziok (Ramon Agirre) eta Mari Luisak (Elena Irureta) rolak aldatuko dituzte. Patriziok etxeko lanei eta familiari dagozkion erantzukizunei aurre egiten dien bitartean, Maria Luisak udaleko agintea hartuko du bere gain, bere modura hartu ere. Batzuei, ordea, aldaketa hau ez zaie asko gustatuko, gauzak beti bezala jarraitzea nahi dutelako. Herrian gauzak aldatu egingo dira, baina bereziki Etxebeste familiak biziko du aldaketa nabarmenena, bakoitzak bere modura biziaz eta berriz ere familia elkarrekin egotea ezinbestekoa dela erakutsiz.

Asier Altunak eta Telmo Esnalek zuzendu dute 'Agur Etxebeste!', eta gidoia ere idatzi dute, Nagore Aranbururekin batera. Ramon Agirre (Patrizio), Elena Irureta (Maria Luisa), Iban Garate (Iñaki) eta
Paco Sagarzazu (Luziano) dira aktoreak.