Ahostegunak egitasmoa antolatu dute Mintzola Ahozko Lantegiak eta EHUko Mikel Laboa Katedrak

Actualizado: viernes, 4 octubre 2019 17:59

DONOSTIA, 4 (EUROPA PRESS)

Ahostegunak egitasmoa jarri dute martxan Mintzola Ahozko Lantegiak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Mikel Laboa Katedrak, EHUKulturaren eta Euskaltzaindiaren laguntzarekin. Antzerkiaz, bertsolaritzaz, kantagintzaz eta literaturaz gozatzeko saioak izango dira, eta urriaren 31tik azaroaren 28ra arte egingo dira, arratsaldez, EHUko Gipuzkoako campusaren ondoan dagoen Euskaltzaindiaren egoitzan, Donostian. Egun bakoitzean, diziplina bat landuko da, eta azken egunean mahai ingurua, saio bakoitzean agertu diren adituekin.

Antolakuntzako iturriek jakinarazi dutenez, egitasmoa 18 eta 22 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta izen-ematea doakoa da, baina ezinbestekoa. Urriaren 7tik 21era arte izango da izena emateko aukera.

Saioak ostegunez izango dira, 16:00etatik 19:00etara. Urriaren 31n egingo da lehena eta, jarraian, ostegunero egingo dira saioak azaroaren 28an azkenengoa egi arte: Uxue Alberdi izango da taldean literatura landuko den egunean; bigarrenean, antzerkiaren ingurukoak aletuko ditu Miren Gaztañaga aktoreak; bertsolaritzaz ariko dira Beñat Gaztelumendi eta Maialen Lujanbio; eta laugarren saioan, Ines Osinaga musikari eta kantariarekin solasean aritzeko aukera izango da.

Azaroaren 28an egingo den azken jardunaldian, lau diziplinak aintzat hartuko dituen mahai-ingurua egingo da, eta han elkartuko dira aurrez egun bakoitzean egon diren gonbidatu horiek guztiak.

EHUko Gipuzkoako campusean egingo denez, eta, honenbestez, unibertsitateko ikasleek eskurago izango duten arren, ateak irekita dituzte interesa duten gainerako 18 eta 22 urte bitarteko gazteek ere. Sarrera doakoa da, baina aurrez izena eman beharko da Mintzolaren webgunean egokituko den izen-emate orrian: urriaren 7tik 21era bitarte eman ahal izango da izena. Izena emateko ordena aintzat hartuko da eta, behin izena emanda, saio guztietara etortzeko konpromisoa eskatzen da: saio guztietan talde bera izango da parte hartzen eta dinamikari eusteko garrantzitsua izango da.