Ahozko komunikazioa izango da hizpide ostegunean, Euskaltzaindiak Gasteizen antolaturiko biltzarrean

Julia Marin
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: miércoles, 13 febrero 2019 14:59

GASTEIZ, 13 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaindiak bere mendeurrenaren baitan antolatuko duen laugarren jardunaldi akademikoa izango da ostegunean, otsailaren 14an, Gasteizko Artium Museoan, "Eta ahoskera zer?" izenburuarekin. Ahozko komunikazioaren alderdiak landuko dira bertan. Jardunaldia zuzenean eskainiko da, streaming bidez, Euskaltzaindiaren Youtube-ko atarian.

Hasiera ekitaldian parte hartuko dute Andres Urrutia euskaltzainburuak, Miren Lourdes Oñederra Euskaltzaindiaren Ahoskera batzordeburuak, Igone Martínez de Luna Arabako Euskara foru diputatuak eta Iñaki Prusilla Gasteizko Udaleko Euskara zinegotziak.

Hiru hitzaldik osatuko dute jardunaldiaren bizkarrezurra: "Ahoskera arautu eta i(ra)kas al daiteke?", Lourdes Oñederrak eskainiko duena; "Irakats al daiteke ahoskera? Eta aldagarritasuna?", Mª Heliodora Cuenca Villarín Sevillako Unibertsitateko irakasleak eskainiko duena; eta "Nola ikasi ahoskerak", Julia Marín antzerki itzultzaileak eskainiko duena.

Ondoren, zinemari eta euskararen ahoskerari buruzko elkarrizketa egingo dio Euskaltzaindiko Ahoskera batzordeko kide Oroitz Jauregik Gorka Lazkano "Errementari" filmeko euskara arduradunari.

Euskaltzaindiak jakinarazi duenez, jardunaldiaren "helburu behinena komunikazioa da: arauaren arduradunen, irakasleen, ikasleen, kazetarien eta, azken batean, hizkuntzaren erabilera osasuntsua nahi eta behar dugunon arteko komunikazio ahalik eta onena".

"Hizkuntzari buruzko lan preskriptibo eta didaktikoetan ahozkoak eta, ahozkoaren barruan, ahoskerak leku berezia behar dute, baina ez bigarren mailakoa. Ahoskera ezin da gramatika bezala ikasi. Inportantea da denok gauzak ondo ulertzea eta, horretarako, elkarrekin hitz egitea bezalakorik ez dago. Euskaltzaindiak 1998an kaleratutako EBAZ araua (Euskara Batuaren ahoskera zaindua) argituz nahi genuke indartu. Eztabaidaren gunea bi ardatz gurutzatzen diren lekuan egongo da: euskararen estilo mailak, batetik; euskalkiak eta batua, bestetik", gaineratu du.

Euskaltzainak argitu du jardunaldian saiatuko direla "arazoei alderdi teorikotik eta praktikotik eusten", eta aurreratu du begiratu "lasterra" euskaraz gainerako hizkuntzekin gertatzen denari, "gure arazoa hizkuntzalaritzaren testuinguru orokorrean kokatzeko xedez".