Aiora Jakak eta Miren Agur Meabek 'Vitoria-Gasteiz' itzulpen sariak jaso dituzte

Haur eta gazte literatur itzulpen hoberenentzako 'Vitoria-Gasteiz' sariak banatu dira
GASTEIZKO UDALA
Actualizado: viernes, 3 diciembre 2021 14:01

GASTEIZ, 3 (EUROPA PRESS)

Gasteizko Udalak sustatutako haur eta gazte literaturaren alorrean euskarara egindako itzulpenik hoberenentzako 'Vitoria-Gasteiz' sariak banatu dira ostiral honetan, Euskararen Nazioarteko Egunean, Oihaneder Euskararen Etxean. 18. edizioan, Aiora Jakak eta Miren Agur Meabek jaso dituzte sariak, 'Onin eta Sorginen Sekretua' eta 'Zirkulu Gorrimina' lanengatik, hurrenez hurren.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek diploma eman die bi irabazleei. Ibon Martinen 'Onin y El Secreto de las Brujas' liburuaren itzulpenagatik lortu du saria Aiora Jakak, eta 9.000 euro eskuratuko ditu. Miren Agur Meabek, ordea, César Mallorquíren 'El Círculo Escarlata'-ren itzulpenagatik lortu du saria, 9.000 eurokoa ere.

Jakaren kasuan, "oso hizkuntza landua erabiltzeagatik" eta, besteak beste, "obra osoan zehar erritmo bizia lortzeagatik" jaso du saria. "Testuaren ahozko literaturarekiko hurbiltasuna" ere baloratu du epaimahaiak, baita Zugarramurdiko artzainen euskarara hurbiltzeko ahalegina ere.

Meaberen 'Zirkulu gorrimina', berriz, bere hizkuntzaren "naturaltasunagatik" nabarmentzen da. Epaimahaiaren arabera, "lanak literatur aipamen ugari ditu, beti ongi ekarriak". Onomatopeien erabilera ere "deigarria eta aproposa" da.

Guztira 16 lan aurkeztu dira aurten 'Vitoria-Gasteiz' itzulpen sarietara, haietako hamar haur literaturaren kategorian. Karlos del Olmo Serna, Aintzane Atela Gurrutxaga, Ainara Ruiz Benito, Miren Ibarluzea Santisteban eta Karlos Zabala Oiartzabal izan dira epaimahaikideak. Aiora Jakazein Miren Agur Meabe aurreko urteetan ere sarituak izan dira.

Bide batez, udalbatza osatzen duten talde politikoen bozeramaileek ekitaldia baliatu dute Euskararen Nazioarteko Egunarekin lotutako EAEko herri erakundeek adostutako adierazpena irakurtzeko.