Alboka folk taldeak kontzertua emango du datorren astelehenean Bilboko Arriagan

Alboka taldea.
JUANTXO EGAÑA - Archivo
Actualizado: viernes, 17 enero 2020 15:44

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

Alboka folk taldeak kontzertua eskainiko du datorren astelehenean, urtarrilaren 20an, Arriaga antzokiak eta Bilboko Udaleko Euskara Sailak sustatzen duten 'Literatura eta Musika Euskaraz' zikloan. Emanaldia antzokiko foyerrean izango da, eta bere 25. urteurrena ospatzeko bira bukatuko du horrela Alboka taldeak.

Taldea boskote gisa agertuko da Arriagan, foyerrak ematen duen berotasunera eta gertutasunera egokitutako proposamenarekin. Errepertorioan, 'Lurra, ur, haize' azken diskoko abestiez gain, aspalditik zuzenean interpretatzen ez dituen aurreko lanetako melodiak ere eskainiko ditu boskoteak.

Alan Griffin (alboka, txirulak eta muxukitarra) eta Joxan Goikoetxearekin (akordeoia) batera, ohiko musikariak arituko dira, hau da, Xabi San Sebastian ahotsean eta gitarrarekin, Juanjo Otxandorena bouzukiarekin eta Iosune Marin bigarren gitarrarekin eta mandolinarekin.

Alboka folk taldea euskal folkaren talde sendoenetakoa eta esanguratsunetakoa da. Sortu zenetik abestiak egin ditu -abestutakoak eta musika tresnekin jotzekoak-, batzuk euskal erromantze tradizionaletan oinarrituta, eta beste batzuk asmatu berriak, baina beti ere musika herrikoiari leial izanda.

Kontzertua arratsaldeko 19:30ean hasiko da, eta sarrerak eskuraragarri daude www.teatroarriaga.eus web orrian, 946 850 850 telefonoan eta antzokiko leihatilan, aldez aurreko salmenta ordutegian, 15 euroko prezioan.