Alerta laranja aktibatu dute Bizkaian asteazkenerako eta ostegunerako, prezipitazio ugari eta iraunkorrengatik

Euria Bilbon.
EUROPA PRESS - Archivo
Publicado: miércoles, 23 octubre 2019 10:02

BILBO, 23 Oct. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du Bizkaian, asteazken arratsaldeko 18:00etatik ostegun goizeko 06:00etara, prezipitazio iraunkorrengatik. Prezipitazioak ugariak eta zenbait tokitan gogorrak eta ekaiztsuak izan daitezke. Alerta indarrean dagoen orduetan 30 eta 50 l/m koadro arteko ur pilaketak izan daitezke, nahiz eta alde handiak egon daitezkeen toki batetik bestera intentsitatean zein banaketan. Beraz, unean unean emango da egoeraren berri.

Aldi berean, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, aktibatuta du abisu horia prezipitazio iraunkorrengatik astearte arratsaldeko 15:00etatik ostegun goizeko 09:00etara EAE osorako, bai eta prezipitazio ugariengatik ere asteazken arratsaldeko 18:00etatik ostegun goizeko 06:00ak arte.

Euskalmet euskal meteorologia agentziaren arabera, prezipitazio iraunkorren eta ugarien egoera hori gainazalean depresio bat sortuko duen DANA baten ondorio da. Egoerak irauten duen denboran eta leku jakin batzuetan, Bizkaian probabilitatea handiagoa izanik, euri kopuru handiak pila daitezke, eta Segurtasun Sailak kontu handiz ibiltzeko gomendatu du.

Gainera, eta espero den prezipitazio kopuruari eta izango duen banaketari dagokienez ziurgabetasuna handia denez, oso zaila delako DANAren posizioa, ibilbidea eta forma aurreikustea, Euskalmeten http://www.euskalmet.eus web orrian eta @Euskalmet Twitter kontuan iragarpen meteorologikoen eguneratzeak jarraitzea gomendatu du. Ezegonkortasuna ostegunetik aurrera desagertzen joango da.