Alerta laranja aktibatuko dute asteazkenean euriarengatik, elurragatik eta olatuengatik

Euria etengabe egingo du asteazkenean
Europa Press - Archivo
Actualizado: lunes, 21 enero 2019 17:05

   BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak alerta laranja aktibatuko du asteazkenean, urtarrilaren 23an, prezipitazio iraunkorragatik kantauri isurialdean (Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba iparraldean), elurragatik 800 metrotik gora, itsasaldeko arriskuagatik eta kostaldeko kalteengatik.

   Hain zuzen, prezipitazio iraunkor, elur eta nabigazioko alerta laranja 00:00etatik 24:00era egongo da indarrean, eta kostaldeko kalteengatiko alerta 04:00etatik 07:00etara, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak astelehen honetan jakinarazi duenez.

   Euskalmet euskal meteorologia agentziaren arabera, aste honetan eguraldia erabat negukoa izango da. Denboralea gogorra izan daiteke, elur, prezipitazio, haize eta itsasoko egoera moduko aldagaiek eragindako egoerak muturrekoak izan daitezkeelako. Dena den, kontuan hartu behar da eredu meteorologiko ezberdinak izaten ari diren gorabeherak esanguratsuak direla eta horrek aldaketa nabarmenak ekar ditzakeela egindako iragarpenean, bereziki elur mailari dagokionean.

   Horrela, asteartean, urtarrilaren 22an eguerdi aldera, prezipitazio asko dakarren fronte hotz bat iritsiko da eta euria eta elurra egiten hasiko da. Arratsalderako denera zabalduko da prezipitazioa eta ugari eta etengabe egingo du, batez ere kantauri isurialdean.

   Elur maila 800-900 metro inguruan egongo da, baina gerta liteke frontea iristearekin batera beherago kokatzea, noizbehinka 500-800 metro inguruan, batez ere Gipuzkoa eta Araba barnealdeko bailaratan. Haizea ere nabarmena izango da, egunaren bigarren zatian ipar-mendebaldeko haizea indartu egingo delako eta haizeguneetan 80-100 km/h-ko abiadura gaindi dezakeelako, bereziki kostaldean.

ASTEAZKENA

   Bestalde, asteazkenean ez da giro izango. Prezipitazioa ugaria izatea espero da, denean egitea eta, gainera, etengabe egun osoan. Kantauri isurialdean 60 l/m2 baino gehiago pila daitezke 24 ordutan eta ez da baztertzen 80 l/m2 baino gehiago ere izatea. Arabako lautadan 30 eta 50 l/m2 pila litezke.

   Ipar-mendebaldeko haizeak gogor joko du, bereziki egunaren lehenengo partean; haizeguneetan 100 km/h-ko abiadura gaindi dezake haizeak, eta 80 kn/h-koa gainontzeko tokietan. Elurraren mailari dagokionez, ziurgabetasunekin jarraitu arren, 900-1.200 metro inguruan koka daiteke egunaren lehen partean eta 500-800 metroan bigarren partean. Segurtasun Saila egoera honen gaineko jarraipena egiten ari da.

   Halaber, itsasoari dagokionez, asteartean eta, bereziki asteazkenean, itsasoaren egoera nabarmen zakartuko da. Ipar-mendebaldeko haizea gogor ibiliko da eta olatuek bost metroko altuera gaindi dezakete. Gainera, marea biziak direla eta, kostaldeko kalteak ere nabarmenak izan daitezke asteazkeneko itsasgoretan, bereziki goizaldekoan.

   Segurtasun Sailak ghomendatu du iragarpen eta abisu eguneratuak jarraitzea Euskalmeten web orriaren (http://www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter kontuaren (@Euskalmet) bidez.