Alex Txikon, Toti Martínez de Lezea, Eneko Sagardoy eta Pedro Miguel Etxenike, 'Euskaraldia' lehen hamaikakoan

Euskaraldia
IREKIA
Publicado 2018/04/18 18:04:47CET

SAN SEBASTIÁN, 18 Abr. (EUROPA PRESS) -

Alex Txikon, Toti Martínez de Lezea, Eneko Sagardoy, Pedro Miguel Etxenike, Mikel Arrasate, Arianne Unamuno, Zuriñe Gil, Dani Álvarez, La Basu, Aretz Igiñiz, eta Cris Lizarraga osatzen dute 'Euskaraldia: 11 egun euskaraz' ariketa sozialaren Euskal Herriko lehen hamaikakoa.

Beraiek dira dinamikan erreferentzia izango den hamaikakoaren parte, eta eurekin batera izan dira gaur Bilbon Arrate Illaro, Euskatzaleen Topaguneko kidea eta Euskaraldiaren koordinatzailea, Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Mikel Arregi, Euskarabidea/Euskararen Nafar Institutuko zuzendaria eta Iker Martinez de Lagos Euskaltzaleen Topaguneko zuzendaritzako kidea.

'Hamaikakoa', hamaika laguneko taldea da modu pertsonalean eta borondatez 'Euskaraldia: 11 egun euskaraz ekimenean' parte hartzea erabaki dutenak "belarriprest eta ahobizi rollen bitartez". Euskal Herriko hamaikakoa osatzen duten kideek "euskararen aktibazioa sustatzeko babes urratsa ematea erabaki dute".

Ekimenaren enbaxadore izango dira, eta herritarren parte hartzea aktibatzeko lehen deia egin dute. Izan ere, ekimenean parte hartu nahi duten pertsonek ere ahobizi eta belarriprest rolen bitartez euren hamaikako propioak osatu beharko dituzte.

Euskaraldia "ariketa soziala da, ez da euskararen aldekotasuna adierazteko kanpaina bat". Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera hazteko ariketa egingo dute parte hartzen dutenek. Horretarako, ahobizi edo belarriprest gisa eman ahalko dute izena udazkenean. Beraz, parte hartzeak ariketa egitea esan nahiko du, "praktikatzea edo euskara erabiltzea bi modutara egin ahalko delarik". Herritar bakoitzak erabakiko du nola hartu nahi duen parte ekimenean.