Anari eta Vulk Sevillako Monkey Week jaialdian, Basque Music plataformak babestuta

Anari eta Vulk, Monkey Week jaialdian
BASQUE MUSIC
Actualizado: martes, 20 noviembre 2018 18:11

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko musika kanpoan zabaltzeko Basque Music plataformak hainbat ekintzaren bidez parte hartuko du Sevillako Monkey Week jaialdian, ostegunetik larunbatera, azaroaren 22tik 24ra, eta ekintza horien artean dago Anari kantautore gipuzkoarraren eta Vulk talde bizkaitarraren partaidetza, Musika Bulegoa elkarteak jakinarazi duenez.

Horrela, Basque Music plataformak babestuta, Anarik eta Vulk taldeak zuzeneko bina kontzertu eskainiko dituzte. Bilboko taldea ostiralean arituko da lehenik, 17:30ean, Jägermusic agertokian, eta larunbatean, 19:15ean, Santa Clara agertokian joko du berriz. Anari, berriz, larunbatean izango da Sevillan: Santa Clara agertokian 18:00etan eta AIE agertokian 22:00etan. Halaber, jaialdiaren hamargarren edizioan, Exnovios, Pet Fennec, Melenas eta Mazmorra euskal taldeak ere izango dira.

Kontzertuez eta jardunaldi profesionalez gain, Monkey Week jaialdiak gune bat eskainiko du enpresen arteko komunikazioa sustatzeko, negozio ildoak bultzatzeko eta, Monkey Market izenarekin, musikagintza independenteko eragileen arteko sinergia sustatzeko. Hain zuzen, Monkey Mareket guneean, Basque Music plataformak stand bat jarriko du Euskal Herriko musikari lotutako sektoreei buruzko informazioa eskaintzeko.

948 MERKATUA

Bestalde, 948 Nafarroako Arteen Merkatuaren bigarren edizioa egingo da Iruñean, asteazkenetik ostiralera, Euskadi eta Akitania Berria gonbidatu direla. Hala, Basque Music plataformak sustatutako emanaldietan, Elena Setien kantariak eta Liher eta Anita Parker taldeek hartuko dute parte.

Elena Setien Musika Bulegoa Sarien bigarren edizioan sarituetako bat, eta asteazkenean arituko da Indara klubean. Egun berean, Liher taularatuko da Zentral aretoan, eta ostegunean, Anita Parker-en txanda izango da, Indara klubean.

Iazko edizioan ere, Nafarroako Arteen Merkatuak ateak ireki zizkion Musika Bulegoari, Euskal Herriko Musika Bulegoaren proiektua aurkezteko, eta aurten ere Euskal Herriko Musika Bulegoa Baluartera itzuliko da, ostegunean. Myriam Miranda Musika Bulegoko lehendakariak eta Amaia Ispizua elkarteko kideak hitzaldia emango dute 11:00etan, Musika Bulegoak emakumeari musikaren industrian ikusgarritasuna emateko sustatzen eta babesten dituen ekimenen berri emateko.