Antxoa gaztearen populazioa jaitsi egin da Bizkaiko Golkoan baina "oraindik maila onean dago"

Aztiko ikertzaileak antxoak aztertzen.
IREKIA - Archivo
Actualizado: jueves, 12 diciembre 2019 10:49

Urtebetetik beherako antxoen populazioa 114.000 tona ingurukoa da une honetan

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

Bizkaiko Golkoko uretan une honetan bizi diren urtebetetik beherako antxoen populazioa 114.000 tona ingurukoa da, batez besteko kopuru historikoa baino txikiagoa, baina, Azti zentro teknologikoaren Juvena 2019 kanpaina zientifikoaren arabera, "oraindik maila onean dago". Antxoa gazteen biomasaren urteko jarraipena egiteko Aztiren azterlana da Juvena.

"Lortutako kopurua Juvenaren batez besteko historikotik beherakoa da. Azterlana 1980ko hamarkadan jarri zen martxan. Nahiz eta beherakada izan, antxoaren ugaritasun maila ona da oraindik ere, eta ez da arriskurik hauteman 2020ko arrantza kanpainarako. Izan ere, gazteen zenbatespenei 2019an bizirik iraun zuten helduak gehitu behar zaizkie, eta orduan lortu zuen kopuruak maximo historikoa", azaldu du Guillermo Boyra ikerketaren arduradunak.

Juvenaren datuak lortzeko, Aztiko ikertzaileak 'Emma Bardan' eta 'Ramon Margalef' ontzi ozeanografikoetan ontziratu ziren irailean. Gerora, bildutako datuak aztertu eta estatistikoki landu ziren, zenbatespena egiteko.

Azterlanak iraun bitartean, Aztiko adituek ultrasoinu sistemak erabili zituzten, antxoen oparotasuna hautemateko. Jasotako oihartzunen analisiari esker, antxoa gazteen biomasa ezarri ahal izan zen (114.000 tona inguru), bai eta horien kokapena ere (plataforma kontinentalean eta ezpondan banatuta). Gainera, ibilbidean egindako harrapaketei esker, jakin ahal izan zen gazteen batez besteko tamaina 6,1 zentimetro ingurukoa dela.

"Juvena 2019 kanpainaren zenbatespenen arabera, bilketa ertain-baxua izango da, baina horrek ez du esan nahi arrantza arriskuan egongo denik. Ikuspegi historikotik, 2014az gero egin diren bilketak oso handiak izan dira, guztiak batez bestekotik gorakoak. 2020ko arrantza kanpainarako espero den bilketa hamarkada honen hasieran eta 1990eko hamarkadan izan zirenen parekoa izango da", esan du Boyrak.

Antxoa eta antzeko pelagiko txikien populazioek bilketen eta biomasa mailaren urtetik urterako gorabehera oso handiak izaten dituzte. Horrela, Juvena kanpaina garrantzitsua da aukera ematen duelako antxoa gazteen ugaritasun gorabeherak ebaluatzeko, eta, beraz, aldez aurretik ohartarazteko. Era horretan, antxoaren ustiapena behar bezala arautzen da, urtetik urtera duen oparotasuna kontuan hartuta.

"Udazkenean zenbat antxoa gazte dauden jakiteak aukera ematen du hurrengo udaberrian eta udan heldu izatera zenbat ale iritsiko diren aurreratzeko, aldi horretan gertatzen baita ugalketa eta egiten baita arrantza. Kudeaketa iraunkorra eginez baino ezin dira bermatu espeziearen biziraupena eta jarduera ekonomikoaren etorkizuna. Sektorean 3.500dik gora lagunek egiten dute lan, arrantza sektorearen eta kontserben eta elikaduraren industrien artean", gaineratu du Aztiko adituak.

Azti, IEO, Ifremer eta Europako Batzordeko STECF erakunde aholkulariko zientzialariek landu zituzten antxoaren ustiapen arauak joan den hamarkadan. 2005ean antxoaren populazioak eta arrantzalekuek beherakada izan zuten, eta horren ondorioz hartutako neurriak dira horiek. Antxoaren ugaritasunaren balizko beherakadetan ustiapena arautzeko diseinatuta daude arauok, eta, horrela, arrantzalekuen iraunkortasuna bermatzeko.

Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Nekazaritza eta Arrantza Ministerioak eta Elikadura eta Ingurumen Ministerioak eta IEOk finantzatutako Juvena kanpainak emandako datuei esker, arrantza agintariei gomendioak ematen zaizkie, eta, zifrek hala aholkatzen badute, arrantzalekua ireki edo itxi ahal da, eta hurrengo denboraldirako onartuko den urteko harrapaketa kopurua gomendatu.

HURBILKETA EKOSISTEMIKOA

Halere, bere arduradunen arabera, Juvena kanpaina antxoa gazteen ugaritasuna eta Bizkaiko Golkoan zehar nola banatzen den zehaztea baino haratago doa. Azken urteotan, kanpainak ikuspegi ekosistemikoa txertatu du, antxoa gazteari ez ezik, pelagiko txikien komunitate osoari erreparatzeko, horiekin partekatzen baitu ekosistema antxoa gazteak, esaterako, antxoa heldua, sardina, txitxarroa edo berdela.

Ingurumen faktoreak ere aztertzen dira, hala nola tenperatura, gazitasuna edo uhertasuna ur zutabean, eta kontuan hartzen da elikagaiaren eskuragarritasuna, hainbat plankton motaren banaketa espaziala eta ugaritasuna aztertuta.

"Aintzat hartuta antxoa urtetik urtera asko aldatzen dela, eta ingurumen faktoreek nabarmen eragiten dietela antxoa gazteen biziraupen, hazkunde eta ugalketari, espero da Juvenaren ikuspegi ekosistemikoak aukera emango duela espezie honen biziraupenari eragiten dioten prozesuak hobeto ulertzeko", adierazi du Boyrak.

Kate trofikoaren analisia osatzeko, Aztiko ikertzaileek Bizkaiko Golkoko itsas harrapakari handien banaketa espazialaren azterketa gehitu dute kanpainan. Horretarako, itsas hegazti eta ugaztunen banaketa eta kopurua aztertu dute, dauden espezieei buruzko informazioa jaso dute, eta bidean bistaratutako banakoen kopurua eta portaera analizatu dute.