Antzerki ekoizpena sustatzeko laguntza berria sortu du Euskaltzaindiak

Lautan Hiru jaiadiko antzezlan bat
EUSKALTZAINDIA - Archivo
Actualizado: jueves, 2 julio 2020 17:46

BILBO, 2 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaindiak antzerki ekoizpena sustatzeko laguntza berria sortu du, Bilboko Udalaren babesarekin. Helburu nagusia euskarazko antzerkia hauspotzea da, batez ere, pieza laburren sorkuntzari lagunduz. Gainera, hautatutako lana jendaurrean estreinatzeko aukera ere emango zaio sarituari. Proiektuak aurkezteko epea azaroaren 15ean amaituko da, Euskararen Akademiak jakinarazi duenez.

Horrela, antzezlanek gehienez ere 30 minutu eta gutxienez 15 minutuko iraupena izango dute, eta testuek euskaraz idatzita egon behar dute.Lan jatorrizkoak eta estreinatu gabekoak izan behar dira, hau da, ez da beste hizkuntza baten itzulpenik edo antzezlan luzeago baten moldaketarik onartuko. Era berean, ez dira onartuko antzerako beste laguntzaren bat jaso duten piezak.

Bakarrizketak ere onartuko dira, eta antzezlanak areto txikietan antzezteko modukoak izango dira, hau da, formatu txikikoak, pertsonal eta beharrizan tekniko gutxi eskatzen dutenak. Gaia eta moldea libreak izango dira.

Lautan Hiru antzerki jaialdiko arduradunek osatuko dute epaimahaia, eta lan bakarra hautatuko du, jaialdiaren hirugarren edizioaren baitan estreinatuko dena, 2021ean. Epaimahaiak laguntza ez ematea ere erabaki dezake, eta bere erabakia apelaezina izango da.

Saria 1.000 euroko laguntza bat izango da, gehi beste 300 euro Lautan Hiru jaialdian emanaldi bat eskaintzeagatik. Izena emateko epea azaroaren 15ean amaituko da, eta parte hartu nahi dutenek lanari buruzko ahalik eta informaziorik gehien bidali beharko dute posta elektronikoz.

Taldearen izena, jatorrizko testua (testu fitxategi batean edo .pdf formatuan), antzezlanaren zuzendariaren eta gidoilariaren izenak, antzezleen izenak, laburpena, gutxi gorabeherako iraupena eta antzezteko tokiaren ezaugarriak eta beharrizan teknikoak derrigorrez bidali beharko dira; ahal izanez gero, irudi bat edo bideo laburra ere bai, piezaren muntaia edo lagin bat erakutsiz.

Informazioa posta elektronikoz bidaliko da Euskaltzaindiaren info@euskaltzaindia.eus helbidera, mezuaren gaian hauxe adierazita: 'LAUTAN HIRU antzerki-ekoizpenari 2021eko laguntza'.

Ikuskizunaren jabetza eta lana beste kulturgune batzuetan antzezteko eskubidea muntaia egiten duen talde edo konpainiarena da, baina etorkizunean egingo lituzketen emanaldien publizitatean beren-beregi azaldu beharko litzateke 'LAUTAN HIRU ekoizpen-laguntza' jaso duela.