Arabako Aldundiak 40 plazako lan eskaintza publikoa egingo du administrari eta albaitari lanpostuak betetzeko

Cristina González LEParen berri ematen
ARABAKO ALDUNDIA
Actualizado: lunes, 10 diciembre 2018 15:32

GASTEIZ, 10 (EUROPA PRESS)

Arabako Foru Aldundiak lan eskaintza publiko (LEP) bat egingo du 2018an, azken hilabeteotan langileen batzordearekin negoziatu ondoren. Hain zuzen, foru erakundeak 40 plaza eskainiko ditu, hutsik dauden 36 administrari lanpostu eta bete gabe dauden lau albaitari lanpostu betetzeko. Hautaketa prozesua 2019ko ekainean hasiko da seguru aski, eta
2017ko LEPeko 51 plazak ere barne hartuko ditu.

Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapeneko eta Foru Administrazioko diputatuak astelehen honetan aurkeztu du 2018ko LEP berriaren eskema, eta asteartean aurkeztuko dio Arabako Gobernu Kontseiluari, onetsi dezan. Nabarmendu duenez, eskaintza berriari esker, "Aldundiko langile taldea egonkortu eta gaztetzeko eta, epe motzean eta ertainean, kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko konpromisoa beteko dugu".

González-ek azaldu duenez, 2017ko LEPeko hautaketa prozesua eta 2018ko LEP batera gauzatuko dira datorren urtean, egutegi honi jarraituz: deialdien oinarri orokorrak eta zehatzak urtarrilean onetsi eta argitaratuko dira, lehenengo probak udaberri amaieran egin daitezen, seguru aski ekainean.

Hortaz, hautaketa prozesuan 91 plaza aterako dira oposizio lehiaketara: 51 plaza 2017ko LEPekoak eta 40 plaza 2018ko LEPekoak. Plazok lanpostu hauetakoak izanfgo dira: 79 administrari, 4 albaitari, 4 zerga ikuskatzaile laguntzaile, 2 zerga ikuskatzaile eta 2 informatikako teknikari. Plaza guztien artetik, 82 sistema ireki bidez esleituko dira, eta gainerakoak barne sustapeneko sistemaren bitartez. Gainera, zortzi plaza ezintasunen bat duten pertsonentzat gordeko dira.