Arabako Aldundiak espedientea ireki die 16 establezimenduri, faktura ez egiteagatik

Arabako Foru Ogasuna
ARABAKO ALDUNDIA
Actualizado: miércoles, 12 diciembre 2018 14:41

GASTEIZ, 12 (EUROPA PRESS)

Arabako Foru Ogasunak espedientea ireki die lurraldeko 16 establezimenduri faktura ez egiteagatik, azaroaren 26, 27 eta 28an egindako ikuskatze kanpaina intentsibo baten ondoren. Hain zuzen, ikuskaturiko establezuimenduen %40eri ireki die espedientea foru erakundeak.

Nahiz eta Arabako Ikuskatze Zerbitzuak etengabe egiaztatzen duen fakturak erregistratu, bidali eta entregatzen diren, azaro bukaeran berariazko kanpaina bat egin zuen hainbat sektoreren lokaletan, hala nola ostalaritza, arropa konponketa, albaitaritza klinika, ile apaindegi, bazar, apaindegi, okindegi eta gozogintzako establezimenduetan. Kanpaina datozen hiletan errepikatuko du.

Horrela, azaroko kanpainaren ondorioz, Arabako Foru Ogasunak espedientea ireki die bisitatu dituen establezimenduen %40eri, irregulartasunak hauteman dituelako faktura ez erregistratzeagatik, ez bidaltzeagatik edo bezeroari ez emateagatik. Kasu guztietan, foru araudiak 600 euroko zehapenak jasotzen ditu eragiketa irregular bakoitzagatik; zehapen horiek murriztu daitezke epe barruan ordainduz gero.

"Kanpainaren xedea da kontzientziatzea nahitaez eman behar dela faktura, bai Araban lan egin eta negozioak dauzkatenentzat, bai bezeroentzat, jakin behar baitute faktura eskubidea izateaz gain, bermea ere badela zerbitzu guztientzat", gogoratu du José Luis Cimiano Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko foru diputatuak.

Ikuskatzaileek ireki dituzten 16 espedienteetatik batek bakarrik jaso zuen lehenago zehapena faktura ez egiteagatik. Kasu horretan, zehapena gogorragoa da, zenbatekoa %100 igotzen delako, hau da, isuna 1.200
euroko da araua berriz hausten bada.

Foru erakundeko ikuskatzaileek "hobekuntza" igarri dute aurreko kanpainekin alderatuz, gero eta sarriago erregistratzen eta bidaltzen baitira eragiketak. Edonola ere, oraindik "sarriegi" ez zaio fakturarik ematen bezeroari, eta oraindik ere badira sektoreak ez dutenak fakturarik eman nahi.