Arabako Aldundiak eta Gasteizko Udalak "Aske bizi nahi dugu. Emakumeok argi dugu. Eta zuk?" kanpaina abiatu dute

Kanpaina bateratua egingo dute Arabak eta Gasteizek
ARABAKO ALDUNDIA
Actualizado: lunes, 12 noviembre 2018 15:54

GASTEIZ, 12 (EUROPA PRESS)

Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpaina bateratua egingo dute, azaroaren 25eko Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta. Ekimenak egitarau anitza eskainiko du, herritarrei oro har eta gazteei bereziki zuzenduta. Programaren berrikuntza da bi herri erakundeek elkarren artean antolatutako kanpaina instituzionala dela, lurraldeko txoko guztietara mezu bera helarazteko asmoz.

"Aske bizi(raun) nahi dugu. Queremos (sobre)vivir libres" hitz jokoa erabilita, emakumeen jabetze indibiduala eta kolektiboa erakutsi, eta emakumeek beren eskubideak eta askatasunak gauzatzeko duten gaitasuna erakusten duen mezua igorri nahi dute.

"Emakumeengan maiz proiektatu ohi den rebiktimizatze, beldur eta gehiegizko babesetik harantzago doan mezua eskaini nahi dugu, 'biziraun' ideia 'emakumeek aske bizitzeko duten eskubiderantz' garatu. Mezu positiboa, argia eta gogorra da, gizarte osoaren erantzukizuna bilatzen du, irakurtzen duten guztiei dei egiten die eta emakumeek indarkeria matxistarik gabe aske bizitzeko duten eskubidea azpimarratzen du", azaldu du Jasone Agirre Gasteizko Udaleko Berdintasun zinegotziak.

Halaber, Nekane Zeberio Arabako diputatu nagusiaren kabineteko zuzendariak adierazi duenez, "erakundeak babesa agertu nahi die era guztietako indarkeria matxistak arbuiatzen dituzten taldeei eta emakumeak beren bizitzen protagonista direla zabaltzen dutenei. Landa eremuko emakumeek eusten diote, neurri handi batean, gure herrietako bizitzari, eta askatasunez egin nahi dute, eta horretarako, desagerrarazi egin nahi dituzte azpiegiturazko indarkeria eragiten duten gizarte baldintzak eta bestelako indarkeria agerikoagoak".

Kanpaina Gasteizko hainbat gunetan izango da ikusgai astelehen honetatik azaroaren 30era bitartean, hainbat euskarriren bitartez: kartelak hiriko hainbat tokitan (100), mahairako egutegiak (kopurua zehaztu gabe), pantailak gizarte etxeetan, Antso Jakituna kaleko pergolan eta autobus geltokian, Tuvisaren 90 autobusen barruan kartelak, muppiak hiriko 60 gunetan eta udalaren euskarri digitaletan.

Horrez gain, hainbat jarduera antolatuko dira, ikasturtean zehar, Jabekuntza Feministarako Eskolan eta udal berdintasun politiken baitan,
azaroaren 25aren inguruko egunetan antolatutako jarduerak osatzeko. Horien artean, nabarmentzekoak dira autodefentsa feministako ikastaroak eta puntu lila feministaren banaketa euskarri digitalean eta biniloan, interesatuek deskargatu eta egokitzat jotzen dituzten tokietan jartzeko.

Halaber, Arabako Aldundiak lurraldeko hainbat tokitan zabalduko du kanpaina, eta indar berezia egingo du nekazaritza eremuetan eta kuadriletan, kartelak jarrita. Orobat, Alava Bus autobusetan ere ikusgai izango da.

Gainera, Emakumeen Berdintasunerako eta Jabekuntzarako Arabako Eskolak azaroaren 25arekin lotutako hainbat jarduera antolatuko ditu lurraldean, Laia Eskolaren bitartez. Horien artean nabarmentzekoak dira Adriana Kaplan emakumeen mutilazio genetikoaren arloko adituaren solasaldiak azaroaren 26n, 27an eta 28an, Araian, Laudio eta Bastidan, hurrenez hurren edota, autodefentsa feministako ikastaroak Villabuena Gobiaranen, Aramaion, Legution, Zuian, Dulantzin, Agurainen eta Araian.

Horrez gain, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak informazio saioak antolatuko ditu, genero indarkeriako egoeretan emakumeek dituzten eskubideei eta emakume horiek izan ditzaketen baliabide juridikoei buruz. Hegoak Foru Zerbitzuko laguntza soziojuridikoaren ardura duen
Susana Cambra abokatuak emango ditu, abenduaren 15ean eta 22an,
Laudio, Amurrio eta Araian.

BELDUR BARIK

"Aske bizi nahi dugu. Emakumeok argi dugu. Eta zuk?" mezua lotuta dago Emakundek gazteentzat antolatutako Beldur Barik programarekin. Emakunderen egitasmoak indarkeria matxistari aurre egin nahi dio, eztabaida eta hausnarketa sustatuz. Beldur Barik jarrera erakusteko ikus-entzunezkoen lehiaketa bat ere antolatzen da.

Gasteizko Udalak programaren lehen ediziotik hartzen du parte, 2010etik, eta aurten, azaroaren 24an, lehiaketako sari banaketa eta tokiko topaketa izango da Europa jauregian. Lantegiak, musika, emanaldiak eta beste izango dira.