Actualizado 22/09/2022 12:52

Arabako esparru sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzen duten enpresak aitortuko dituzte Lazarraga Sariek

Rober Gutierrez eta Lexuri Ugarte.
ARABAKO FORU ALDUNDIA

GASTEIZ, 22 (EUROPA PRESS)

Arabako Foru Aldundiak eta Bai Euskarari Elkarteak lurraldeko eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko lana aitortzea helburu duen Lazarraga Sarien zazpigarren edizioa aurkeztu dute ostegun honetan.

Euskara eta Gobernu Irekiaren foru zuzendari Lexuri Ugartek eta Bai Euskarari elkarteko zuzendari Rober Gutierrezek balioa eman diote erakunde askok euskara egunerokoan txertatzeko egiten duten lanari eta, sail ezberdinen bitartez, tresna transbertsal eta sozializatzaile bihurtzeko egiten duten ahaleginari.

Bada, ahalegin hori aitortu eta saritzeko, bost sari emango zaizkie Arabako erakunde edo pertsona fisikoei, gizartean eta enpresetan euskararen erabilera sustatzeko egindako lanagatik eta ekimenengatik. Aintzatespenak Lanabes Araban Euskara Lanean ekimenaren parte dira, lurraldeo enpresa munduan euskararen erabilera zabaldu nahi duen ekimenarenak, alegia.

"Erakunde gisa, Arabako erakunde eta enpresak sustatu, lagundu, aholkatu eta saritzea bilatzen duten ekimen eta proiektuak bultzatzen eta babesten inplikatuta gaude, gero eta gehiago baitira, negozioak dituzten pertsonei zerbitzu hobeak eskaintzeko euskara egunerokoan sartzea ezinbestekoa ikusten dutenak", adierazi du Ugartek.

Gainera, Arabako Foru Aldundiak euskara sustatzea zeharkako estrategia nagusietako bat izaten jarraituko duela gogorarazi du: "Foru Aldundiak lan munduan euskara txertatzeko lanean jarraituko du, SEA eta Vital Fundazioaren lankidetzarekin. Bestalde, kirol arloan euskara sustatzeko proiektu txikiak eskaintzen hasi gara. Era berean, inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu Araban orain arte landu ez diren esparruetan eragitea, hau da, IKTen munduan, informazioaren eta komunikazioaren teknologietan, euskara sartzea".

Bestalde, Gutierrezek azpimarratu duenez, Bai Euskarari Elkarteak "Arabak gizarte aurreratua, modernoa eta euskaraz bizi eta lan egingo duena izatea" lortu nahi du Lazarraga Sariekin. "Lanean jarraituko dugu errealitate bat izan dadin", gaineratu du.

Euskaraz idazteko orduan Araban aitzindari izan zen Juan Perez Lazarragarren omenezko sariekin, lurraldeko esparru sozioekonomikoan aintzatetsitako enpresa eta erakundeen sare bat ehundu nahi da. Sariak azaroaren 24an banatuko dira, Gasteizko Artium Museoan, eta mundu sozioekonomikoan egiten den lan hori lehenestea eta, batez ere, aitortzea dute helburu.

BOST SARI

Bost sari banatuko zaizkie erakundeei eta pertsona fisikoei, eta paimahaiak kontuan hartuko dituen irizpideak dira zerbitzua euskaraz eskaintzeko eta lana euskaraz egiteko neurriak; lana euskaraz egiteko baliabideak; kontratazioa; barne dokumentazioa; hizkuntzaren ingurunea; kanpo komunikazioa; produktuaren kontsumitzailea eta erabiltzailearentzako elementuak; Lanbide Heziketako euskarazko praktikak enpresetan; euskaraz egindako prestakuntza; lanean euskara ikasteko prestakuntza; arlo sozioekonomikoan euskara sustatzeko egindako beste edozein neurri.

Hautagaitzak pertsona fisikoek zein erakundeek aurkez ditzakete. Hautagai gisa aurkezteko baldintza bakarra Araban edo Trebiñuko enklabean egoitza izatea da. Proposamen horretan, emandako informazioa eta zioen azalpena hartuko dira kontuan, eta edozein euskarri erabili ahal izango da erakundearen edo pertsonaren ekintzak erakusteko.

Hautagaitzak aurkezteko epea urriaren 24ra arte egongo da zabalik, eta proposamenak egiteko bi bide egongo dira: https://baieuskarari.eus/eu/proiektuak/lazarraga-sariak web guneko formularioaren bidez, eta lazarragasariak@baieuskarari.eus helbide elektronikora idatziz.

Azken izendapenak eta irabazleak erabakiko dituen epaimahaia Lanabes proiektuaren talde eragileak osatuko du. Arrazoiak eta aurkeztutako dokumentazioa ere baloratuko dira, eta Lazarragaren eskuizkribuan oinarritutako litografia eta eskuizkribua emango zaie sarituei.

Contador