Araban euskara sustatzeko 2019-2022 aldirako plan estrategikoa onetsi du Aldundiak

Actualizado 2018/12/11 13:25:11 CET
Arabako Foru Jauregia
ARABAKO ALDUNDIA

GASTEIZ, 11 (EUROPA PRESS)

Arabako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak lurraldean euskara sustatzeko 2019-2022 aldirako plan estrategikoa onartu du astearte honetan, eta edukia Batzar Nagusiei igorriko die. Helburua da euskararen erabilera maila guztietan sustatzea, "euskararen ezagutza bizikidetza linguistikoko testuinguru bateko erabilerarekin lotuta, gizarte kohesiorako eta egitate kultural arabar eta euskalduna eraikitzeko faktore gisa", Ramiro González ahaldun nagusiak azaldu duenez.

Bere hitzetan, 1982an Euskararen Erabilera Arautzeko Oinarrizko Legea onetsi zenetik, Arabako herritarrek eta erakundeek "ahalegin handia" egin dute euskararen normalizazioaren alorrean. Orain, XXI. mendean etorkizuneko ikuspegia izateko ahalegina egin behar delakoan, beharrezko ikusi da Araba eta bertako erakundeak lan metodo batez hornitzen jarraitzea, Arabako gizarteak berak euskararen eremuan urtez urte eskatzen dituen helburuak eta beharrizanak epe labur eta ertainean zehazteko lagungarri izan dadin.

Horregatik, beharrezkotzat jo da Arabako Aldundiaren Euskararen Foru Zerbitzuaren hirugarren plan estrategikoa martxan jartzea. Dokumentua Arabako gizartearen errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuz eta herritar guztien eskubideak errespetatuz prestatu da, printzipio horietan oinarrituko baitira plan estrategikoaren helburuak eta neurri zehatzak. Planaren eragin esparruaren barruan izango dira Arabako Lurralde Historikoa eta Trebiñu.

Araban 2019-2022 aldian euskara sustatzeko plan estrategikoan jaso dira Arabako Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailaren lehentasunezko esku hartze ildoak, aipaturiko aldian euskara sustatzeko ekintza esparruan. Plana parte hartzailea izatea nahi du foru erakundeak, "euskara sustatzeko politikak jorratzeko erreferentzia eta gidari izan dadin". Xedea lortzeko, oinarri eta estrategia berriak jorratu dira, eta lurraldetasuna, lidergoa, elkarlana, koordinazioa eta parte hartzea hartu dira kontuan. Era berean, plana "eraginkorra eta neurgarria" izango da, eta komunikazio estrategiak izango ditu, hiztun berriak ahalduntzeko eta erakundeak aktibatzeko.

Bide horretan, Arabako Aldundia gidari izango da, baina elkarlanean arituko da lurraldeko euskara zerbitzuekin eta euskararen arloko gainerako gizarte eragileekin. Helburu nagusia izango da hiztunak eta beren sareak aktibatzea eta lurraldean euskaraz bizitzeko aukerak bermatzeko baldintzak sortzen jarraitzea.

HIRU ARDATZ

Helburu horiek guztiak gauzatzeko, planak hiru ardatz izango ditu: gizarte erabilera, hiztun berriak eta kudeaketa eredua. Lehen ardatzaren helburua da euskara erabiltzeko uneak eta guneak bilatzea, gizarte ekintzen bitartez euskararen erabilera areagotzeko. Gizarte erabileraren ardatzak beste bost ardatz izango ditu, euskararen gizarte erabilera hainbat alorretan sustatzeko: aisialdia, kirola, kultura, gizarte ekonomia, euskara hedatzeko baliabideak eta administrazioa.

Bigarren ardatzaren helburua izango da hiztun berriak lortzea eta, horretarako, proposamenak egingo zaizkie euskaraz sozializatzeko gizarteko hainbat alorretan. Hiztun berriak ere bost ardatzetan antolatu dira: haurrak, gazteak, familia, helduak eta etorkinak.

Planaren hirugarren ardatza kudeaketa eredua da. Atal honetan lan egiteko modua deskribatu da, alegia, nola kudeatu eta gauzatu nahi den plana. "Izan ere, garrantzitsuena ez da zer egin nahi den, baizik eta nola, hau da, axola duena kudeaketa, ebaluazioa eta komunikazioa da", adierazi du.

Gainera, ardatz bakoitzeko azpiardatz bakoitzean erronkak daude. Gehienak oso zehatzak dira eta horiekin lotutako ekintzak ere jaso dira, eta, beraz, erronka bakoitzean berariazko ekintza multzoak daude. Horrenbestez, planak xede nagusi bat dauka, hiru ardatz, 28 erronka, 15 azpiardatz eta 72 ekintzetan banatuta.