Argentinako euskal etxeetako euskarazko eskolak finantzatzeko hitzarmena sinatu dute HABEk eta FEVAk

Actualizado 2014/02/06 12:36:17 CET

BILBO, 6 (EUROPA PRESS)

   Helduen Alfabetatze eta Berrreuskalduntze Erakundeak (HABE) eta Euzko Argentinar Bazkun Alkartasunak (FEVA gaztelaniaz) Argentinako euskal etxeetan emango diren euskarazko eskolak finantzatzeko hitzarmena sinatu dute, San Nicolasen (Argentina).

   Hitzarmenak hiru lerro nagusi jasotzen ditu. Alde batetik, Argentinako euskal etxeetan irakasle lanetan arituko direnen trebakuntza bere gain hartuko du HABEk Euskara Munduan programaren baitan.

   Beste alde batetik, jarduera ahalik eta modurik egokienean
bideratzeko, HABEk ikasmaterialez hornituko ditu euskal etxeak eta, hirugarrenik, bertako eskolak diruz lagunduko ditu, urtero argitaratzen duen deialdiaren bidez. Horrela, HABEk 200.000 euroko diru-laguntza eman die Argentinako euskal etxeei, 2013-2014 ikasturtean euskara klaseak antolatzeko.

   Gaur egun, 35 irakasle ari dira Argentinako euskal etxeetan euskara irakasten eta 650 ikasle dituzte guztira. Irakasleen prestakuntzaz arduratzeaz gain, HABEk beharrezko dituzten ikasmaterialak helarazten dizkie, bai aurrez aurre erabiltzekoak bai sarean erabiltzekoak.

   Orain dela 24 urte Argentinan Euskaraz izeneko programa martxan jarri zuten FEVAk eta Eusko Jaurlaritzak eta, ordudanik, zabaltzen joan da urtez urte. 1990ean 175 ikasle ari ziren eskolak hartzen
eta, gaur egun, 650 inguru.

   Une honetan, 32 irakasle berri prestatzen ari da HABE, oraindik irakaslerik ez duten euskal etxeen eskariari erantzun nahian: argentinarrak (19), txiletarrak (4), uruguaiarrak (5), brasildarrak (3) eta kolonbiarrak (1). Irakaslegai horiek oraintxe amaitu dute barnetegi bat, Argentinako San Nicolas de los Arroyos herrian. Urte osoan on line ikasten dute, bakoitzak bere hiritik eta, urtero, bi
barnetegi izaten dituzte, HABEko teknikariek emanak.

   Modu honetan, 2013/14 ikasturterako 30 hitzarmen sinatu ditu HABEk mundu zabaleko euskal etxeekin. Hitzarmen horien bitartez, 80 euskal etxetan 2.100 ikasle heldu arituko dira euskara ikasten, Vancouverren (Kanada) hasi eta Sydneyraino (Australia). Gainera, ikasturte honetan, lehenengo aldiz, Bruselan eta Kolonbiako Antioquian ere izango dituzte eskolak.