'#ARTdemia' erakusketa birtuala osatu dute 30 euskal artistaren lanekin

Erakusketa birtuala
ARTGIA SORGUNE & ARETOA
Actualizado: lunes, 6 abril 2020 12:08

GASTEIZ, 6 (EUROPA PRESS)

Gasteizko ARTgia sorgune & aretoak '#ARTdemia' erakusketa birtuala antolatu du eta 30 euskal artistaren lanak erakutsiko ditu. Covid-19 gaitzak eragindako konfinamenduan sortutako artelanak izango dira ikusgai erakusketan, eta astelehen honetan inauguratuko da, arratsaldeko 20:00etan, www.artgia.com webgunean.

Ekimenaren sustatzaileek jakinarazi dutenez, bost egunetan 78 proposamen jaso dituzte deialdi birtualean, eta epaimahaikideek 30 hautatu dituzte. "Deialdi publiko bat egiteko gogo handia genuen, hemengo artistei irekia, erakusteko eta Euskal Herrian sortzen dena balorean jartzeko", adierazi dute.

Parte hartzaile kopurua espazioaren baldintza ekonomikoek markatu dutela jakinarazi dute. "Deialdia abiatzeak bere kostuak ditu eta honaino eraman ahal izan ditugu. Bi arrazoik bultzatu gaituzte deialdi hau sortzera: hau bezalako une historiko batean adierazpen premia handia dagoelako eta hemengo artisten errelatoa jaso nahi genuelako, eta kultur ekosistemak bizi duen krisia mahaigaineratu nahi izan dugulako", azaldu du Begoña Lopez de Aberasturik.

Horrela, Euskal Herriko 30 artista aukeratu dira: Arabako 12, Bizkaiko zazpi, Gipuzkoako lau eta Lapurdi eta Nafarroako bina. Marco Sanz artista katalanaren proiektua ere onartzea erabaki du epaimahaiak, "herri honi oso lotua dagoelako".

Artista bakoitzak ikuspegi batetik sortu du. "Lehen aldiz, guztiak egoera berean gaude. Egoera sozioekonomikoak bereizten gaitu, noski, baina entzierro egoeran gaude denok. Artelanak kapitalismoaren ingurukoak dira, eskubideen murrizketei buruzkoak, murgildurik gauden gerra hizkuntzari ere erreparatzen diote eta, horrela, pentsamendu kritikoa indartzen dute", azaldu dute.

EGOERA "OSO KRITIKOA"

ARTgia, Enebada! eta Kultur Act elkarteek konfinamendu egoeran bada ere sortzen jarraitzeko duten apustua azpimarratu nahi izan dute, baina euskal kultur ekosistemak bizi duen egoera "oso kritikoaz" ohartarazi nahi izan dute.

Hala ere, aurrerapauso eta mugimendu "positiboak" ikusi dituzte joan den astetik, tartean EAEko herri erakundeak biltzen dituen Hakoba kulturalaren bilera eta udal batzuek konpromisoa hartu izana jada itxita zituzten eta atzeratu egin diren kultur jardueren ordainsarien %30 ordaintzeko.

Edonola ere, nabarmendu dute garrantzitsuena dela "sektorea bera mugitu" dela. Hala, adibide gisa jarri dute Karraskan sarean batutako 33 elkarteek egin duten lan bateratua. Txosten zabala plazaratu dute: 'Covid-19k kultur eta sormen sektorean eragindako krisiaren lehen ebaluazioa'. Gainera, ARTgiak Kultura Live musika aretoen elkartearen proposamenak ere nabarmendu ditu pandemiak sortutako egoeraren aurrean.