Artekale elkartearen "Auzoan Artez" jardunaldiek bitartekaritza aztertuko dute Barakaldon, datorren astean

Artekale elkartearen "Auzoan Artez" jardunaldiek bitartekaritza aztertuko dute datorren astean, Barakaldo Antzokian
ARTEKALE
Actualizado: miércoles, 24 abril 2019 13:47

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

Artekale Euskal Herriko Kaleko Arteen Elkarteak "Auzoan Artez" jardunaldiak antolatuko ditu maiatzaren 2an eta 3an, Barakaldo Antzokian (Bizkaia). Aurten, bitartekaritza zer den hausnartuko dute parte hartzaileek, eta, ekimen ezberdinak aurkezteaz gain, Erresuma Batutik, Bartzelonatik, Zaragozatik eta Errenteriatik heldutako "adibide interesgarriak" ezagutu ahal izango dira. "Helburua da bitartekaritzaren gakoak ezagutu eta gure herri eta auzoetan ezartzera ausartu", azaldu dute antolatzaileek.

Aurkezpen ezberdinak entzuteaz gain, Itziar Zorita artistak antolatutako lantegi praktiko-teoriko batean parte hartzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Azkenik, jardunaldien amaieran, Artekaleko konpainia batzuk Barakaldoko erakunde ezberdinekin landu eta garatu dituzten proiektuekin gozatzeko aukera izango da.

Modu honetan, "Auzoan Artez" jardunaldiak maiatzaren 2an eta 3an egingo dira, Barakaldoko Antzokian, goizeko 10:00etatik arratsaldeko 18:30era bitartean, Barakaldoko Udalaren, BBK Fundazioaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Izen-ematea egiteko epea ostiralean bukatuko da, apirilaren 26an, eta ondoko lotura honetan egin daiteke: https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLScbLGCy05l7qm3SSITgauE68CeoLZ84UuhzruzuYsTrB8Ywaw/viewform

Artekale elkartea 2004an sortu zen, euskal lurraldean kaleko arteak balioan jarri, sustatu eta zabaltzeko asmoarekin. Izaera berezidun elkartea da, eta sektoreko alor ezberdinak elkarlanean bateratu ditu, hala nola konpainiak, banatzaileak, azokak eta jaialdiak, "kaleko arteen duintasunaren alde lan egiteko".

Elkartearen lan eremuak dira topaleku eta elkartruke guneen kudeaketa jaialdi, azoka eta ekitaldi berezietan, kaleko arteetan profesional direnei bideratutako formakuntza, erakundeen eta sektorearen arteko bitartekaritza lana eta kaleko arteak sustatzea eta zabaltzea.