Artez Blai kultur elkarteak Arte Eszenikoen Ikerkuntzarako IV. Nazioarteko Saria antolatu du

Actualizado 2011/03/25 18:44:19 CET

BILBO, 25 Mar. (EUROPA PRESS) -

Igande honetan Antzerkiaren Nazioarteko Eguna ospatzen dela aprobetxatuz, Artez Blai kultur elkarteak Arte Eszenikoen Ikerkuntzarako IV. Nazioarteko Sariaren deialdia egin du. Arte eszenikoen ikerketa eta ikasketak sustatzea du helburuetariko bat Artez Blai elkarteak, eta horregatik sortu zuen Arte Eszenikoen Ikerkuntzarako Nazioarteko Saria, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin.

Deialdira edozein herrialdetako egileak aurkez daitezke, arte eszenikoen edozein disziplinekin lotutako ikerketa, azterketa, teoria edo praktika-proposamena jasotzen duen lanen batekin, saiakera edo kritika izan. Bertan antzerkia jaso daiteke, edozein tankera eta arlokoa, bai eta dantza, zirku, magia edo beste ere, arlo artistikoan, teknikoan edo kudeaketakoan izan.

Lanek originalak beharko dute izan, gai librean emanak eta euskaraz edo gaztelaniaz sortuak. Gainera, inoiz argitaratu gabeak izan beharko dute, ez zatika ez euskarri digitalean ezta unibertsitate giroan ere. Dagoeneko argitaratzear direnak ere ez dira onartuko.

Testuak jasotzeko epea irailaren 20an bukatuko da. Lanak Artez Blai Kultur Elkartera (Aretxaga 8. 48003 Bilbao) igorri beharko dira, edo artez@artezblai.com helbide elektronikora. Saria dirutan 1.000 euro eta lana Artezblai argitaletxearen "Teoría y práctica" atalean argitaratua izatea da.

Irabazleak aurreko edizioetan gailendu direnen zerrenda luzatuko du. Bertan dira Denis Rafter irlandarra, dagoeneko inprentan eta beraz argitaratzear den "Hamlet en España" lanarekin, Zulai Macias Osorno mexikarraren "El poder silencioso de la experiencia corporal en la danza contemporánea" eta Borja Ruiz bilbotarraren "El arte del actor en el siglo XX-Un recorrido teórico y práctico por las vanguardias".