Actualizado 13/10/2021 11:09 CET

Asier Etxeberria Euskaltel-Euskadin arituko da datozen bi urteetan

Asier Etxeberria
EUSKALTEL-EUSKADI

BLBO, 13 (EUROPA PRESS)

Asier Etxeberria (1998, Eguesibar, Nafarroa) Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindularia izango da 2022ko eta 2023ko denboraldietan, azken bost urteetan Euskadi Fundazioko talde amateurretan aritu ondoren (azken hirurak Laboral Kutxan). Euskaltel-Euskadi taldearen bigarren fitxaketa da, Unai Iribarrena iragarri eta gero.

Euskal txirrindularitza taldeak asteazken honetan jakinarazi duenez, "bere dedikazioak, iraunkortasunak eta kemenak bidezko saria izan dute" eta Etxeberriak "behin betiko jauzia" emango du maila profesionalera.

2019an jada jantzi zuen Euskaltel-Euskadi elastikoa 'stagiare' moduan, eta aurten ere Limousingo Tourrean eta Kroaziako Tourrean aritu da. Laboral Kutxarekin, Gorlan eta Elgoibarren irabazi du 2021ean, bigarren izan da Tolosan, Zegaman eta Villatuertan, bosgarren Beasainen, seigarren Zamorako Itzulian eta 25. sailkatu da 23 urtez azpiko Giroan.

Beheko mailetan, Eguesibar (eskolak), Aranguren (eskolak eta lehen urteko kadeteak), Quesos Albeniz (kadeteen bigarren urtea eta juniorrak), eta Euskadi Fundazioa, Ampo eta Laboral Kutxa amateur taldeetan aritu da. Beraz, Euskadi Fundazioaren harrobian hazi den beste txirrindulari bat da Asier Etxeberria.

"KONFIANTZA OSOA"

Jorge Azanza Euskaltel-Euskadiko kirol zuzendariaren hitzetan, "konfiantza osoa dugu berarengan, azken urteak eman ditu hemen eta merezitako aukera izango du. Aspaldi Euskadi Fundazioaren egituran egon da, aurrera egin du eta 'stagiare' izan da bi urtez, 2019an eta 2021ean. Urrats garrantzitsuak eman ditu, eta, beraz, profesional izateko maila duela uste dugu. Mailarik gorenean sendotzea espero dugu ahalik eta lasterren. Igotzailea da eta maila ederra harrapatzeko dohainak ditu pausoz pauso".

Bestalde, Asier Etxeberriak berak adierazi du Euskaltel-Euskadira jauzia ematea "aurrerapauso handia" dela berarentzat. "Izan ere, urteak dira, denok bezala, saiatu naizela jauzi hau ematen. Banekien zaila zela, baina lan eta lan egin ondoren azkenean saria jaso dut. Oso pozik nago", esan du.

Bada, txirrindulari nafarrak ziurtatu duenez, "asko ikastea, maila berrira pixkanaka egokitzea, progresio bat izatea eta taldea laguntzea" izango dira bere helburuak datozen bi urteetan.

Modu honetan, Antonio Angulo, Mikel Aristi, Xabier Mikel Azparren, Ibai Azurmendi, Iker Ballarín, Mikel Bizkarra, Joan Bou, Unai Cuadrado, Asier Etxeberria, Peio Goikoetxea, Unai Iribar, Julen Irizar, Mikel Iturria, Txomin Juaristi, Juanjo Lobato, Gotzon Martín, Luis Ángel Maté eta Antonio Soto txirrindulariek osatuko dute Euskaltel-Euskadi 2022rako.

Contador