Atx Teatroa taldeak "Fakiu" antzezlana eramango du Ipar Euskal Herrira

Actualizado 2017/02/13 15:16:03 CET
"Fakiu" Antzezlanaren Protagonistak
ATX TEATROA

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

Atx Teatroa Bilboko konpainiak "Fakiu" antzezlana aurkeztuko du datozen asteetan Ipar Euskal Herriko toki ezberdinetan, hala nola Senperen, Izturitzen edo Bidarten, Euskal Kultur Erakundeak euskarazko antzerkiaren hedatzeko sustatzen eta babesten duen Ibilki programaren barnean.

Euskal Kultur Erakundeak jakinarazi duenez, "Fakiu" antzezlanak eguneroko indarkeriaren gaia tratatzen du modu ezberdinetan, publikoaren eskuetan utziz antzezlanaren bukaera, ezohiko antzerki proposamen bat eskainiz. Antzezlanaren egilea Fredi Paia da, eta zuzendaritza Iñaki Ziarrustaren esku dago. Antzezleak, Belen Cruz, Sandra Fernandez Agirre eta Gabriel Ocina dira.

Ibilki programaren bitartez, Euskal Kultur Erakundeak Euskal Hirigune Elkargoko Errobi eta Garazi Baigorri lurralde eremuak eta Senpere, Hendaia, Bidarte, Donibane Lohizune, Biarritz eta Maule bildu ditu, Ipar Euskal Herri mailako euskarazko antzerkiaren hedapen sare bat sortzeko. Urtez urte, programatzaile sare hori indartzen ari da, elkarlan gune bat osatuz ideiak trukatzeko euskarazko antzerki sorkuntzetaz, programatzaileen ahalak eta gaitasunak batzeko edo komunikazio plan amankomun bat obratzeko euskarazko antzerkia garatzeko asmoz.

Oraingoan, Atx Teatroa taldeak Senpereko Larreko gelara eramango du "Fakiu" ostiralean, otsailaren 17an, Izturitzeko Herriko gelara larunbatea, hilaren 18an, eta Bidarteko Beheria antzokira maiatzaren 12an. Hendaia eta Donibane Garaziko datak finkatzen ari dira.