Euskadi Basque Country Laguna bereizgarria, atzerrian Euskadiren irudia proiektatzen laguntzen dutenak saritzeko

Actualizado 2019/06/18 13:25:43 CET
Atzerrian Euskadiren irudia proiektatzen laguntzen dutenak saritzeko Euskadi Basque Country Laguna sortu du Jaurlaritzak
IREKIA

GASTEIZ, 18 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzak Euskadi Basque Country Laguna bereizgarriarekin aitortuko ditu Euskadiren irudia atzerrian sustatzen laguntzen duten pertsonak. Aitorpena astearte honetako gobernu bileran onartu du Jaurlaritzak, aitorpena emateko prozedurarekin batera.

Horrela, Euskadi Basque Country irudia atzerrian sortzen edota indartzen laguntzeagatik bereizten direnei emango zaie erakunde mailako aitorpena, eta pertsona fisiko nahiz juridikoek, eta publiko nahiz pribatuek jaso dezakete.

Aitorpen berria Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak emango du, eta zirkulu forma eta urre koloreko hondoa dituen intsignia bat izango da. Ikurrinaren logoa izango du hiru altueratan, goi eta behe erliebean, eta erliebe gainekoa zilar kolorekoa izango du. Atzealdean "Euskadi Basque Country Laguna" eta bereizgarria ematen den eguneko data jarriko ditu.

Eusko Jaurlaritzaren ustez, "ezinbestekoa da atzerriko euskal erkidegoarekin eta euskaldun izatearekin nolabaiteko kidetasuna sentitzen duten pertsonekin harremanak eta loturak estutzea, Euskadik nazioartean duen lekua sendotzeko oinarrizko aktiboa diren aldetik".

"Horren guztiaren helburua da euskal gizarteak partekatzen dituen baloreak, hala nola ahaleginaren kultura, konpromisoa, gehiago izateko gaitasuna, emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna edo justizia soziala, Euskadiren irudiarekin lotzea eta Euskadiren aurkezpen txartela izatea nazioartean", azaldu du.

Contador