Atzerrian euskara eta euskal kultura irakasteko prestakuntza ikastaroa izango da aste honetan EHUko Udako Ikastaroetan

Goenaga, Olaziregi eta iazko Ikastaroan parte hartu zuten irakurle batzuk
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 2 julio 2012 16:18

DONOSTIA 2 Jul. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Udako Ikastaroek atzerriko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura irakasteko prestakuntza ikastaroa eskainiko dute bigarren urtez, Etxepare Euskal Institutuaren eta EHUren Euskara Errektoreordetzaren lankidetzaz. Uztailaren 5ean eta 6an izango da, Donostiako Miramar Jauregian, eta edonorentzat irekita dago. Ikastaroak "Excellence in Basque Studies" du izenburu, ospeko ikerlari eta irakasleek euskal ikasketei egindako ekarpena jaso nahi duelako.

Datorren ikasturtean Etxepare Euskal Institutuak 39 irakurletza izango ditu, 15 herrialde ezberdinetan. Euskara eta euskal kulturako 32 irakasle ariko dira lanean, eta kopuru horiek gorantz joango dira hurrengo urteotan.

Gainera, Etxepare Euskal Institututik adierazi dutenez, euskal ikasketak jorratzen dituzten bi katedra sortu zituen iaz AEBetan -Bernardo Atxaga Katedra New Yorken eta Koldo Mitxelena Katedra Chicagon-, eta aurki beste bat zabalduko du Alemanian, Frankfurten: euskal arteari eskainiko zaion Eduardo Chillida Katedra.

Ikastaro honen bidez egungo irakurleen eta etorkizunekoen prestakuntza sendotu nahi du Etxepare Institutuak postu horiek guztiak betetzeko pertsona trebatuak sortuz. Orotara, aurtengoan, 89 lagunek eman dute izena ikastaroan, eta horietatik 14 Etxepare Euskal Institutuaren irakurleak dira jada.

Genero ikasketak, ikasketa kulturalak, itzulpen ikasketak, historia edo euskararen soziolinguistika izango dituzte hizpide eta alor horietan adituak diren pertsonak gonbidatu dituzte klaseak emateko. Tartean egongo dira New Yorkeko Unibertsitateko Paul Julian Smith edota Chicagoko Unibertsitateko irakasle Mario Santana.

Atzerritarrak ez ezik, aditu euskaldunak ere ez dira faltako ikastaroan, hala nola Mariluz Esteban, Mikel Aizpurua eta Iñaki Martinez de Luna EHUko irakasleak. Alderdi pratikoaz, berriz, Etxepare Institutuko irakurleak arduratuko dira, mintegi ezberdinak eskainiz. Ikastaroa euskaraz emango da, eta bere balio akademikoa 20 kreditukoa izango da.

Contenido patrocinado