Azken bost urteotan ez da gorabeherarik izan euskararen kale erabilera orokorrean

Jendea Bilbon
BILBOKO UDALA
Actualizado: miércoles, 25 mayo 2022 13:09

Soziolinguistika Klusterrak bost urtean behin egiten duen 'Hizkuntzen erabileraren kale neurketa' ikerlanaren emaitzak aurkeztu dira

DONOSTIA, 25 (EUROPA PRESS)

Soziolinguistika Klusterrak bost urtean behin egiten duen 'Hizkuntzen erabileraren kale neurketa' ikerlanaren emaitzak argitaratu ditu asteazken honetan, eta, ondorio orokor gisa, azken bost urteotan ez da gorabeherarik izan euskararen kale erabilera orokorrean.

Soziolinguistika Klusterreko Olatz Altunak (ikerketaren zuzendaria) eta Maialen Iñarrak (landa lanaren arduraduna) aurkeztu dituzte neurketaren emaitza nagusiak Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ibaetako campusean, Donostian.

Euskararen lurralde osoko kaleetan 600.000 pertsona baino gehiago eta 200.000 elkarrizketa baino gehiago behatuz egin zen neurketa 2021eko iraila eta urrian.

Emaitzei dagokienez, behatutako zortzi pertsonatik bat ari zen euskaraz (%12,6). Datu orokor hori 2016ko kale neurketan behatutakoaren berdina da, eta 1989tik 2021era euskararen kale erabilera %1,8 puntu hazi da. 2006an neurtu zen erabilera mailarik altuena (%13,7), eta hurrengo hamar urteetan (2006-2016) beherakada jaso ostean, azken bosturtekoan egonkor mantendu da.

Ipar Euskal Herrian euskararen erabilerak beherantz jarraitzen du, eta beste lurraldeetan gorabeherak daude. Hiru multzotan sailkatu dituzte euskararen erabilera mailari dagokionez: Gipuzkoan hitz egiten da gehien (%31); jarraian Bizkaia dago, %9ko erabilerarekin; eta %5-6 inguruko erabilera maila dago Araban, Nafarroa Garaian eta Ipar Euskal Herrian.

Eremurik euskaldunenean (herritarren %75-100 euskararen ezagutza duen eremuan), behera egin du euskararen kale erabilerak azken bost urteetan. Hego Euskal Herriko gainerako eremuetan igo egin da euskararen kale erabilera 1993tik hona.

Azken bost urteetan, haurren erabilerak gora egin du. 1989tik aurrera, euskararen kale erabilerak gora egin du adin tarte guztietan, adinekoen salbuespenarekin. Horrela, euskararen kale erabilera altuenetik txikienera hau da adin taldeen hurrenkera: haurrak, gazteak, helduak eta adinekoak.

Halaber, zenbat eta gazteago, orduan eta gehiago gailentzen zaio emakumezkoen euskararen kale erabilera gizonezkoenari, eta portaera hori aurreko edizioetan ere behatu da. Adinekoen kasuan, gizonezkoek emakumezkoek baino gehiago darabilte euskara.

Haurrak eta nagusiak batera daudenean euskararen erabilera altuagoa da, bereizita daudenean baino, eta nagusien erabilera bikoiztea edo hirukoiztea dakar haurrak solaskide izateak, lurralde guztietan.

Hiriburuetan altuagoa da beste hizkuntzen erabilera Euskal Herri osoan baino. Donostian, euskararen kale erabilera %15,3koa da, eta gainerako hiriburuetan %2,5-4 artean dago. Hiriburuen hurrenkeran Gasteiz bigarren postuan kokatu dela nabarmendu dute, Araba erabilera baxuena duen lurraldea dela gogoraraziz. Gasteizen eta Bilboren kasuan, euskara, gaztelania edo frantsesa ez diren beste hizkuntzen kaleko erabilera azpimarratu dute, %4-5ekoa baita.

EUSKAL SOZIOLINGUISTIKA

Bestalde, Soziolinguistika Klusterrak antolatzen duen Euskal Soziolinguistika Jardunaldia 'Hizkuntzen erabileraren kale neurketa'-ren emaitzak aztertzeko topagunea izango da aurten. Bilbon izango da, ekainaren 22an, EHUren Bizkaia Aretoan.

Ikerlari, teknikari, ikasle, arduradun politiko eta euskaltzale aktiboek elkarrekin ezagutzak eta hausnarketak partekatzeko baliatuko da. Hurrengo egunetan emango dute xehetasun guztien berri, eta bertan izena emateko aukera zabalduko da.

Bestalde, uda honetan, nazioarteko hainbat gunetan aurkeztuko dira kale neurketaren emaitzak: batetik, mundu mailako soziolinguistika ikerlarien bilgune handienean (Ganteko Sociolinguistics Symposium 24, uztailaren 13tik 16ra); bestetik, hizkuntza gutxituen eta indigenen nazioarteko biltzar batean (III International Conference on Revitalization of Indigenous and Minoritized Languages, Girona/Perpinyan, irailaren 13tik 16ra).