Azpeitiko (Gipuzkoa) Burdinbidearen Euskal Museoak tarifa murriztu berriak eskainiko ditu langabeentzako

Actualizado 2013/02/01 13:13:24 CET

DONOSTIA, 1 Feb. (EUROPA PRESS) -

Burdinbidearen Euskal Museoak lanik gabe daudela egiaztatzen duten pertsona guztientzako tarifa murriztu berriak eskainiko ditu ostiral honetatik aurrera, bai eta ikasle, minusbaliatu, familia ugari eta 65 urtetik gorakoentzat ere. Museorako sarrera orokorra hiru eurokoa da, bisita librean, eta sei eurokoa, lurrun trenaren denboraldian bidaia egin nahi bada, eta orain, aipatu taldeetakoren baten barruan daudenek bisitarako sarrera bi eurotan lortu ahal izango dute, eta lau eurotan, lurrun trenean bidaia egin nahi bada.

Modu honetan, museoa zailtasun ekonomiko handiagoak izan ditzaketen biztanleriaren sektore hauei ondare historikora gerturatzea errazteko "ahalegin bat" egiten saiatu da. Horrez gain, lau urtetik beherakoak beti doan sartzen dira, bai eta 5 eta 16 urte bitartekoak ere, nahiz eta azken hauek lurrun trenaren zerbitzua ordaintzen duten, museoaren arduradunek jakinarazi dutenez.

Bestalde, Burdinbidearen Euskal Museoak museoaren bilduma iraunkorra ezagutu nahi duten familia guztientzako planteatzen duen ekimenetako bat hasiko da otsailean. Hilabete honetatik aurrera, familia bisitak modu gidatuan eta fundazioak prestatu duen gida didaktiko batekin egin daitezke.

Proiektu horrek bost euroko kostua izango du, eta 9 eurokoa lurrun trena dagoenean. Larunbatetan, 11:00etan eta 17:00etan izango da, eta igandeetan, 11:00etan, kupoa bete arte. Interesatuek museoaren harreran eman behar dute izena ordu hori baino lehen. Bisita euskaraz izango da goizez eta gaztelaniaz arratsaldez. Familiek gida erosteko aukera ere izango dute, hala nahi izanez gero, eta ibilbidea beren kasa egin.