Actualizado 21/07/2021 12:02 CET

Badalab euskara eta berrikuntzarako laborategia abiatu dute erakundeek eta euskalgintzak

Ekitaldian izan diren ordezkariak
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

DONOSTIA, 21 (EUROPA PRESS)

Badalab hizkuntza eta berrikuntzarako laborategiaren proiektua jarri dute martxan herri erakundeek eta euskalgintzak elkarlanean, euskara biziberritzeko eta hiztunen arteko berdintasuna sustatzeko garaian esperimentazio gune erreferentziala bilakatzeko helburuarekin.

Laborategiaren helburuen eta diseinuaren inguruko gogoeta 2018tik dago abian, eta Gipuzkoako Aldundiak, Langunek, Elhuyarrek eta Emunek gidatu dute, Soziolinguistika Klusterrarekin batera, gainontzeko erakundeen eta euskalgintzako ordezkarien partaidetzarekin.

Dagoeneko aurreratua dago prozesu hori eta asteazken honetan egindako lan bileran Badalab martxan jartzeko lehen bi erabaki nagusiak finkatu dira: egitasmoa babesten duten entitate publiko eta sozialek osatu duten partzuergoa eraketa, batetik, eta egitasmoaren abiaraztea gidatuko duen gobernu batzordearen osatzea, bestetik.

Horrela, erakundeetako eta euskalgintzako hainbat ordezkarik Gipuzkoako Aldundian egindako sinadura ekitaldian osatu dute zentroak oinarrian izango duen partzuergoa.

Han izan dira Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria, Errenteriako alkate Aizpea Otaegi, Kontseiluako idazkari nagusi Paul Bilbao, Soziolinguistika Klusterreko zuzendari nagusi Imanol Larrea, EITBko zuzendari nagusi Andoni Aldekoa, EHUko errektore Eva Ferreira, ArantzazuLABeko zuzendari nagusi Naiara Goia, Languneko zuzendari nagusi Lohitzune Txarola eta Andres Urrutia euskaltzainburua.

Gipuzkoako Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren baitan hezurmamituko den zazpigarren proiektu estrategikoa izango da Badalab -aurretik sortu dira Ziur, 2deo, Labe, Adinberri, Mubil, ArantzazuLab eta Naturklima-.

Kasu honetan, euskararen biziberritze prozesuan berrikuntza eta esperimentazioaren aldagaiak txertatzea izango du xede, eta, aldi berean, gizarte berrikuntza prozesuetan hizkuntzaren aldagaia kokatzea. Euskararentzat aukera berriak identifikatzen eta horietan eragiten saiatuko da, prototipo berriak proposatuz. Hizkuntza teknologiarekin esperimentatzea ere izango du jomugan.

HIRU EMAITZA NAGUSI

Helburu horietatik abiatuz, Badalabek hiru emaitza nagusi lortu nahiko lituzke bere jardunarekin. Lehenik, euskara indartuko duen ekosistema eraberritu eta aberatsagoa lortzea, eragile berri eta anitzen partaidetzarekin, euskara etengabe sortzen diren testuinguru berrietan egon dadin eta eremu horietan bere erabilera areagotu dadin.

Bigarrenik, prototipo eta gizarte proposamen ausartak gauzatu nahi ditu, bide berriak irekiko dituzten proiektu eta ekimen berritzaileak euskaraz abiarazi daitezen, eta hirugarrenik, narratiba berriak eta euskarazko bizipen zirraragarriak sorraraztea, formatu eta testuinguru anitz eta digitaletan, euskaraz momentu berriak eta gogoangarriak gehiagotan bizitzeko aukerak sortuz -aisialdian, kulturan, lanean, sorkuntzan eta abar-.

Bada, oinarri horiekin ekingo dio ibilbideari datozen hilabeteetan Errenteriako Torrekua eraikinean, bertan izango baitu behin behineko egoitza. Euskal Herriko mugez haratago erreferentzia bilakatzeko bokazioa ere hasieratik garatuko du, egitasmo aitzindaria izango baita nazioarteko mailan. Horrela, hizkuntza gutxituak biziberritzeko lanean diharduten guztientzat erreferentzia izan nahi du Badalabek.

Contador