BILBO, 4(EUROPA PRESS)
Barakaldoko Udalak (Bizkaia) 2029ra arteko Euskararen Plan Estrategikoa onetsi du, 30 ekintza ingururekin, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko eta gizarteko esparru guztietan euskaraz hitz egiteko eta bizitzeko aukerak eskaintzeko asmoz.
Barakaldoko Udalak hiriko eremu publiko zein pribatuan euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko, euskarari ospeaa emateko eta komunitate euskalduna aktibatzeko hartutako konpromisoek osatzen dute testua.
Barakaldoko Udaleko osoko bilkurak joan den ostegunean onetsi zuen plana gizarte eragile, euskararekin zerikusia duten erakunde, alderdi politiko eta udal teknikarien partaidetzarekin osatu da.
Iratxe Foces Euskara zinegotziak astearte honetan azaldu duenez, "euskarara ahalik eta sektore gehien erakarriko duen hizkuntza politika inklusiboa bultzatu nahi dugu. Gure hiriak aniztasun eta premia oso desberdinak ditu gure bizilagunen artean, eta, beraz, hizkuntza politika eraginkorra izan dadin, gizarte plural horren errealitatea kontuan hartu behar dugu".
"Helburu egingarriak eta ilusionagarriak behar ditugu guztiontzat, euskaraz normaltasunez erlaziona gaitezen, eta horixe bilatzen dugu bost urteko iraupena duen plan berri honekin", gaineratu du.
Bada, Barakaldoko Euskararen Plan Estrategiko berriak bost ardatz ditu: gobernantza, jarrera/motibazio, ezagutza/gaitasuna, erabilera/interakzioa eta komunitatea/hedapena.
Ardatzok herritarrei zuzendutako 30 bat ekintza biltzen dituzte, besteak beste, udal zerbitzuetan euskarazko zerbitzua bermatzeko neurriak hartzea, udal euskara batzordea sortzea, herritarrei euskara planaren berri ematea, gazteen batzordea sortzea eta bultzatzea, gazteentzako pertsona erreferenteez baliatzea euskarari ospea emateko edota kirol eta aisialdiko monitoreentzako prestakuntza saioak antolatzea.
Era berean, planak bildutako beste ekintza batzuk dira euskarak negozioetan ematen duen balio erantsia ostalariekin eta merkatariekin lantzea, sentsibilizazio kanpainak egitea euskaldunak ahalduntzeko eta aktibatzeko, ostalaritzako eta merkataritzako langileentzako euskara ikastaro laburrak eta oinarrizko esaldiak euskaraz ikasteko 'Erraza da' edo 'Ingura' bezalako aplikazioen erabilera sustatzea.
Berbalagun estiloko programak bultzatzea, zerbitzuen sektorean euskararen erabilera areagotzeko itzulpenak edo diru laguntzak eskaintzea eta euskararen erabilera sustatzeko herritarrak aktibatzeko kanpainak egitea (Euskaraldia, Korrika) dira beste ekintzetako batzuk.
"Neurri horiek ezartzeko eta aurrerapenak ikusten joateko unea da orain. Argi dago azken urteotan gero eta jende gehiagok hitz egiten eta ezagutzen duela euskara gure hirian. Plan honek familia barakaldarrei euskara kalera ateratzeko aukera berriak eskaintzen lagunduko digu", adierazi du Focesek.