Barik garraio txartelak 118,3 milioi bidaiari erresgistratu ditu 2014an

Actualizado 2015/03/13 13:57:08 CET
Barik txartela
Foto: Europa Press

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

   Bizkaiko Garraio Partzuergoaren (BPG) Barik ukipenik gabeko txartelak 118.311.765 bidaiari erregistratu zituen 2014. urtean, aurrekoan baino 2.041.992 gehiago. Txartelaren hedapena eta erabilera ohikoa bilakatu dira bizkaitarren artean eta horren erakusgarri da momentu honetan Barik txartelak Bizkaiko biztanleak baino gehiago izatea, 1.209.544 txartel baitaude.

   Barik txartel mota desberdinek (anonimoak, erregistratutakoak edo pertsonalizatuak) garraio txartel desberdinak barne hartzen dituzte. Horien artetik, Creditrans txartela da balioztatze gehien izan dituena (94.376.548, hots, Barik sistema osoaren %80). Gizatrans txartela (65 urtetik gorakoentzat) da gehien erabiltzen den bigarren txartela, 23.330.494 bidaiarirekin. Horren ostean dago hileko Gazte txartela, 2014ko uztailean Barik sistemara gehitu zen gazteentzako txartela, 604.723 balioztatzerekin.

   BGPk jakinarazi duenez, 2013ko zifrekin alderatuta, txartelen erabilerak gora egin zuen iaz. Gizatrans txartelaren erabilerak izan zuen hazkunderik handiena, %4,45ekoa, eta Creditrans txartelaren erabilerak %0,47 egin zuen gora.

   Garraio partzuergoaren txartelen artean, Familia Ugariaren profilak izandako hazkundea azpimarratu du erakundeak, bere erabilerak %5,32 egin baitzuen gora. Guztira %20ko eta %50eko deskontua aplikatu zitzaien 3.034.829 bidaia egin ziren, erabiltzailearen kategoria orokorraren (F20) edo bereziaren (F50) arabera.

OPERADOREAK

   Operadoreei dagokienez, herritarrek gehien erabiltzen dituzten garraioetan nabaritu zen Barik txartelaren hedapena. Metro Bilbaok Barik txartelaren erabiltzaileen ia erdia (%48,75) hartu zuen, 57,6 milioi balioztatzerekin. Bigarren postuan daude Bilbobusen bezeroak, 24,3 milioi balioztatzerekin (erabiltzaileen %20,56), eta hirugarrenean Bizkaibusekoak, 22,7 milioi balioztatzerekin (erabiltzaileen %19,19). Horien atzetik geratu dira Renfe (3,49 milioi bidaia Barik txartelarekin), Euskotren (3,27 milioi), Euskotran (2,38 milioi) edo Bizkaia Zubia (2,20 milioi).

   Bestalde, iaz, Barik txartelaren erabiltzaileek 11.256.313 aldiz kargatu zuten txartela (93,30 milioi euro), eta 261.771 txartel berri igorri ziren. Horrela, momentu honetan 1.209.544 Barik txartel daude; horietatik 965.793 zuriak dira (745.592 anonimoak, 55.157 erregistratuak eta 165.044 pertsonalizatuak) eta 243.751 Gizatrans gorriak dira.

   BGPren ukipenik gabeko txartelarekin Bizkaiko garraio publiko guztiak erabil daitezke. Txanpon-txartel eran funtzionatzen duen Barik txartel bat dago (Creditrans), bai eta pertsonalizatua den beste bat ere, hileko txartelak eta Familia Ugaria, Bilbotrans, Giza (65 urtetik gorakoentzat, ezintasun osoa edo handia dutenentzat eta % 65eko edo gehiagoko elbarritasuna dutenentzat) edo Gazte (Bizkaian erroldatuta dauden 26 urtetik beherako pertsonentzat) profilen baldintza bereziak lortzeko dena.

   "Bi urte baino gutxiagoko epean (2012ko urrian jarri zen martxan), Barik Bizkaiko garraio publikoaren euskarri bakarra bihurtu da, azkar erabiltzeaz gain, erosoa eta segurua delako", adierazi dute Bizkaiko Garraio Partzuergoko arduradunek.