Barinatxe eta Arriatera hondartzetako aparkalekuko zati bat eta Atxabiribilkoa osorik itxiko ditu Sopelako Udalak

Sopela
EUROPA PRESS - Archivo
Publicado: jueves, 28 mayo 2020 18:13

BILBO, 28 May. (EUROPA PRESS) -

Sopelako Udalak erabaki du Barinatxe eta Arriatera hondartzetara heltzeko aparkalekuko zati bat ixtea eta Atxabiribil hondartzakoa guztiz zarratzea. Ekainaren 15ean hasiko den denboraldian hondartzak erabiltzeko eta arautzeko esparru orokorraren baitan hartu ditu erabakiak Bizkaiko udalak, eta ostiraletik egongo dira indarrean, maiatzaren 29tik, besterik iragarri arte.

Bizkaiko Foru Aldundiarekin adostuta prestatu zuten kostako udalek hondartzak erabiltzeko eta arautzeko esparru orokorra, eta udalek ahalmena dute hondartzetarako sarbideak, edukiera edo bertan egoteko
denbora mugatzeko, bai eta aparkalekuetarako sarbidea mugatzeko ere, hondartzen edukieraren kontrola bermatze aldera.

Bada, Sopelako Udalak erabaki du Barinatxe eta Arriatera hondartzetara heltzeko aparkalekuko zati bat ixtea, eta Atxabiribil hondartzara sartzekoa erabat zarratzea. Ondorioz, ezin izango da gune horietan aparkatu edo zirkulatu. Edonola ere, pixkanaka irekitzeko aukera izango da, zati batean edo osorik, asteko ordu edo egun jakin batzuetan, betiere osasun alertaren bilakaerak eta hondartzetako edukierak horretarako aukera ematen badute.

Halaber, Barinatxe, Arriatera eta Atxabiribil hondartzak hustu edo sartzeko mugak jarri ahal izango dira. Horretarako, aintzat hartuko dira Bizkaiko Foru Aldundiko Salbamendu eta Sorospen Zerbitzuko langileen jarraibideak edo beste bitarteko batzuen bidez lor daitezkeen datuak, hondartzaren okupazio mailak erabiltzaileen osasuna arriskuan jar dezakeela ikusten bada. Gainera, debekatuta dago hondartzetan banakako eta taldeko kirola egitea 11:00etatik 20:00etara.

Azkenik, Sopelako Udalak erabiltzaileei gomendatu die hondartzetan gehienez hiru orduz egotea, eta eguzkitakoak, aulkiak, hamakak, koltxonetak eta abar ez eramatea, behar beharrezkoa dela uste denean izan ezik.