Actualizado 07/04/2021 13:23 CET

Basque Country International Women's Cup hirukoa izango da, Euskal Selekzioaren, Argentinaren eta Venezuelaren artean

Euskal Selekzioko jokalariak eta teknikariak.
EUSKADIKO FUTBOL FEDERAKUNDEA

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

Basque Country International Women's Cup futbol txapelketak hiruko formatua izango du azkenean, Nigeriako selekzioak ezin izan duelako bidaiatu "arazo burokratikoen" ondorioz, eta Euskal Selekzioak, Argentinak eta Venezuelak jokatuko dute, igandean, apirilaren 11n, Zubietan, 45na minutuko hiru partidatan.

"Bagenekien arazo batzuk izaten ari zirela, baina iritsi zitezkeela uste genuen. Pena da. Nigeriar selekzioari egindako ahaleginak eskertu nahi nizkioke. Ziur etorkizunean elkarrekin lehiatzeko aukera gehiago izango dugula", adierazi du Javier Landeta Euskadiko Futbol Federakundeko presidenteak.

Horrela, txapelketa arinagoa izango da eta hiru selekzioek 45 minutuko bina norgehiagoka jokatuko dituzte, igandean. Basque Country International Women's Cup 11:00etan hasiko da Argentinaren eta Venezuelaren arteko partidarekin; amaitutakoan, Euskal Selekzioaren txanda izango da, Venezuelaren aurka; eta azkenik, Euskal Selekzioaren eta Argentinaren arteko norgehiagokak bukatuko du txapelketa.

Iñigo Juaristi Euskal selekzioko hautatzaileak jokalari hauek deitu ditu txapelketarako: Athleticeko Eunate Arraiza, Ane Azkona, Yulema Corres, Andrea de la Nava, María Díaz Cirauqui, Sophie Istillart, Amaia Peña, Marta Perea, Naroa Uriarte, Ohiane Valdezate eta Ainhoa Vicente; Eibarreko Nerea Abances eta Sheila Elorza; Realeko Leire Baños, Ane Etxezarreta eta Itxaso Uriarte; A Coruñako Deportivoko Ainize Barea eta Real Madrilgo Maite Oroz.

Contador