Basque Industry 4.0 topaketaren bosgarren edizioa azaroaren 26an izango da, Bilbon

Iazko Basque Industry 4.0
SPRI
Actualizado: sábado, 17 noviembre 2018 9:49

BILBO, 17 Nov. (EUROPA PRESS) -

Basque Industry 4.0 biltzarraren bosgarren edizioa egingo da azaroaren 26an, Bilboko Euskalduna jauregian. Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Sailak antolatzen du topaketa, SPRIren bitartez. Bilkurak 2.000 parte hartzaile baino gehiago izango ditu, "etorkizuna osatzen duten teknologia guztien inguruko mintzaldi, erakusketa eta lantegietan parte hartzeko asmoz".

Enpresa, kluster, zentro teknologiko eta unibertsitateek laugarren industria iraultzaren inguruan eztabaidatuko dute, eta, gainera, ekoizpen prozesuetan informazioaren teknologia berriak txertatzea sustatuko da. Berrikuntza eta Fabrikazio Aurreratutako (DG GROW) zuzendari Slawomir Tokarsi 4.0 Industriako Europa mailako agintari nagusienetakoa da, eta bilkurako hiltzaldietako bat eskainiko du. 60 txostengilek 30 hitzaldi baino gehiago eskainiko dituzte, eta 135 enpresak erakustoki propioa izango dute, euren berrikuntzak aurkezteko.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, ekitaldiak nazioarte mailako ospea lortu du, eta, ondorioz, Europar Batzordeak Euskaldunan bertan egingo du azaroaren 27an eta 28an espezializazio adimenduneko hiru plataformen (S3Platforms) lehen bilera bateratua. Horrela, Europako Batzordeak bere web orrian txertatu du Basque Industry 4.0 ekitaldian izena ematera gonbidatzen duen esteka bat: http://s3platform.jrc.ec.europa.eu/meeting-27-november

Europar Batzordeko lau zuzendari nagusi hurbilduko dira Bilbora, baita industria modernizazioari, energiari eta nekazaritza elikadurari buruzko plataformetan parte hartzen duten 120 herrialde baino gehiagotako 200 ordezkari ere. Haiekin batera, espezializazio adimendunen estrategien garapenean lan egiten duten Europar Batzordeko Zuzendaritza Nagusietako goi funtzionarioak eta aditu tematikoak izango dira.

Urtero bezala, osoko saio, mahai inguru, txosten, saio paralelo eta 4.0 teknologiak ematen dituzten enpresei dedikatutako erakustokiak izango dira biltzarrean. Gainera, 4.0 industriarako soluzioen "gramifikazioari" eta Bind 4.0 start-up enpresen azeleragailuari arreta berezia eskainiko dioten lantegi eta esperientzien txoko bat ere izango da.

MARCO TAISCH

Marco Taisch Milango Politeknikoko irakasleak emango du inaugurazio hitzaldia, eta 4.0 Industriako berrikuntza teknologikoak errentagarri bihurtzeko moduei helduko die. 2002tik, Taisch etorkizuneko fabrikak ikertzen dituen Europako elkarteko kidea da. Ekoizpen sistemen inguruko prospektiba teknologikoen mapa teknologiko eta analisiak egin dizkio elkarteari.

Gainera, Euskadiko enpresariek 4.0 Industriako zortzi sektore garrantzitsuetako aplikazio kasuak erakutsiko dituzte: Aeronautika, Elikadura, Automobilgintza, Eraikuntza, Energia, Makina-Erreminta, Mugikortasuna eta Logistika, TEIC eta Aurreratutako Zerbitzuak.

Horrez gain, 12 aurkezpen izango dira 4.0 Industriarako 12 soluzio teknologikoen inguruan: industria datuen analitika (Big Data), industria zibersegurtasuna, cloud computing, fabrikazio aditiboa, gizakia-makina areagotutako interfazea, errealitate birtuala eta areagotutako errealitatea, robotika kolaboratiboa, sentsorikoa eta sistema ziberfisikoak (CPS).

Ekintzailetza teknologikoak ere espazio propioa izango du biltzarrean, Bind 4.0 programako industrien eta start-up enpresen arteko lankidetza proiektuetako aurrerapausoen aurkezpenera dedikatuta.