BBK Music Legends jaialdia 2021era atzeratu dute

BBK Music Legends jaialdia atzeratu dute
BBK MUSIC LEGENDS
Actualizado: martes, 7 abril 2020 10:35

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

BBK Music Legends jaialdiaren antolakuntzak erabaki du ekainean egin behar zen aurtengo edizioa 2021. urtera atzeratzea, Covid-19 gaitzak eragindako krisia gainditzeko ezarritako neurri berriengatik artista batzuek bertan behera utzi dituztelako Europako birak eta horrek zuzenean eragiten diolako jaialdiari.

Jaialdia ekainaren 5ean eta 6an ospatu behar zen, Sondikako Ola BBK Zentroan, eta Eric Burdon & The Animals, Supertramp's Roger Hodson, Lucinda Williams, The Jayhawks, Joanna Connor, Maika Makovsky edo Anari moduko talde eta artistek jo behar zuten.

"Gure publikoari zor diogun begiruneagatik, behar besteko aurrerapenez informatuta egon eta zuen buruak ondo antola ditzazuen, eta pairatzen dugun egoeraren aurrean errealistak eta solidarioak garelako, ezinbestean atzeratu beharrean gaude jaialdiaren bosgarren edizioa, ekainaren 5erako eta 6rako Ola BBK Zentroan aurreikusia zegoena. 2021eko ekainera atzeratu dugu, eta informatuta izango zaituztegu", adierazi dute antolatzaileeek prentsa ohar bidez.

"Hainbeste hilabeteko lanaren, ahaleginaren eta ilusioaren ostean", jaialdia atzeratzeko erabakia "gogorra eta zaila" izan dela nabarmendu dute, baina garrantzitsuena guztion osasuna babestea dela gogoratu dute, "amesgaizto honetatik lehenbailehen ateratzeko".

Jaialdira joateko sarrerak erosi zituzten guztiei itzuli egingo zaizkie zenbatekoak, kudeaketa gastuak barne, erosketa egiteko erabili zuten txartel berean. Diruaren itzulketa datozen 30 egunetan egingo da, asteazkenean hasita, apirilaren 8an. Itzulketak egiteko informazio guztia du antolakuntzak, eta ez da beharrezkoa inor jaialdiarekin harremanetan jartzea.

Azkenik, gogoratu dute ordainketa zordunketa txartelarekin egin bada, zenbatekoa kontuan agertuko dela sarrera gisa, eta kreditu txartelarekin egin bada, txartelaren laburpenean agertuko dela positiboan egindako sarrera gisa.