Publicado 01/10/2022 11:43

BBK Trends Forum topaketaren bigarren edizioa egingo da Bilbon datorren astean

BILBO, 1 Oct. (EUROPA PRESS) -

BBK Fundazioak eta C4E Inspiration Company aholkularitza enpresak BBK Trends Forum topaketaren bigarren edizioa antolatu dute datorren astearterako, urriaren 4rako, Bilboko BBK Salan, joerek berrikuntzan, hazkundean eta etorkizunaren eraikuntzan duten eginkizuna aztertzeko.

Jardunaldia 09:15etik 18:30era egingo da, eta berrikuntza, hazkunde, sormen eta lanaren eraikuntzarekin zerikusia duten gaietan etorkizuneko joerak bilatzeko nazioarteko sei adituk beren metodoak, esperientziak eta prozesuak partekatuko dituzte, enpresek beren onurarako joerak zelan balia ditzaketen azaltzeko.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, hitzaldiak BBK Salan jarraitu ahal izango dira aurrez aurre, eta sarean ere emango dira ekitaldia beren gailuen bidez zuzenean jarraitu nahi dutenentzat. Foroak egun osoko programa du, formatu exekutiboan, hitzaldi laburrekin, eta ondoren eztabaida eta galdera txandekin. Joeren gaitasuna eta enpresen eta erakundeen eguneroko lanari ikuspegi praktikotik egiten dioten ekarpena ezagutzea da da. Interesdunek www.bbk.eus webgunearen bidez eman dezakete izena.

"Aurrera egiteko eta helburuak lortzeko aldaketei aurre egitea ez da lan erraza, are gehiago gaur egungoa bezalako testuinguruan. Testuinguru horretan, epe laburrak garrantzi handiko erronka askori egin behar die aurre, baina funtsezkoa da zer gertatzen den ulertzea eta etorkizuna ahalik eta ondoen interpretatzea. Joerak oso lotuta daude jasangarritasun, teknologia, humanizazio, hurbiltasun, konexio edo lankidetzarekin, eta enpresei lehiakortasuna, baina modu iraunkor edo jasangarrian, bermatzeko aukera emango dieten proiektu berritzaileak garatzeko abiapuntua dira", azaldu dute.

Bada, BBK Trends Forum publiko zabalari irekitako foroa da, eta bertan sartzen dira joera eta berrikuntzako profesionalak eta bai negozio eta enpresa txiki eta ertainetako zuzendari, aholkulari, jabe, garapen zuzendari, komunikatzaile, diseinatzaile, erakunde publikoetako arduradun, ikasle, ikertzaile edo ekintzaileak, "hau da, bere negozioaren garapen, berrikuntza eta hazkundean joeren ekarpena eta aukerak aurkitu, berritu edo etorkizunari aurrea hartzeko joera horien ahalmena aztertzeko interesa duen pertsona oro".

BIGARREN EDIZIOA

BBK Trends Forum topaketaren lehen edizioak etorkizunaren eraikuntzan joerek duten zereginari buruzko gogoeta egin zuen 2021eko maiatzean, eta ondorioztatu zuen berrikuntza lehen mailan kokatu behar dela, enpresa edo lurralde baten hazkundea eta oparotasuna arriskuan ez jartzeko.

"Ildo horretan, funtsezkoa da herritarrei modu aktiboan entzutea, arazoak, beharrizanak eta jarduerak hauteman edo detektatzeko, bai eta eragileen arteko lankidetza ere, irekitasun, gogoeta eta elkarrizketa jarrera sustatzeko, beharrezkoa joera onenak aurkitzeko", esan dute.

Bada, aurtengo edizioan ere foroak ondorioak ateratzea espero du, errealitate jasangarriago eta lehiakorragoa eraikitze aldera joerek funtsezko zeregina izan dezaketela ulertzeko, eta Bizkaia oparoago, berritzaileago eta inklusiboago baten etorkizuna diseinatzeko zelan aplikatu jakiteko.