Behobia-Donostia lasterketak aldaketak eragingo ditu igandean ibilgailuen zirkulazioan

Lasterketaren aurreko edizio bat.
CANO FOTOSPORTS - Archivo

Actualizado: viernes, 8 noviembre 2019 15:34

DONOSTIA, 8 (EUROPA PRESS)

Behobia-Donostia lasterketaren 55. edizioak aldaketak ekarriko ditu Donostia eta Behobia (Irun) arteko ibilgailuen zirkulazioan, igandean, azaroaren 10ean, goizeko 06:00etatik proba amaitu bitartean. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak ordezko bideak erabiltzea eta Ertzaintzako eta udaltzaingoko jarraibideak errespetatzea gomendatu du.

Lasterketa goizeko 09:45ean hasiko da, gurpildun aulkietako parte hartzaileen probarekin. Handik bost minutura irtengo dira patinetan parte hartuko duten lasterkariak, eta, azkenik, 10:15ean oinezkoen txanda izango da.

Behobiatik abiatuko da lasterketa, Faisaien Uharte ondotik, eta GI-636 errepideari jarraituz Gaintxurizketa gainera igoko da, Irundik, errepide berean barrena Errenteriako hirigunerantz eginez. Jarraian, Pasai Antxon sartuko da, Nafarroa hiribidetik, Donostian Mirakruz gainetik sartuko da eta Gros eta Zurriola pasealekua zeharkatuta Boulevardean amaituko da. Azken parte hartzaileak 11:39 aldera irtengo dira Behobiatik.

Horrela, goizeko 06:00etatik aurrera, Irunen GI-636 errepideko Oxinbiribileko eta Behobiako biribilguneen arteko zatia itxiko da zirkulaziorako. Ondorioz, autoentzat ordezko bide bat ezarriko dute Irungo 54 industrialdetik, eta ibilgailu astunak AP-8 autobidetik desbideratuko dituzte.

Goizeko 08:15etik aurrera, proba Gaintxurizketa gainetik igarotzean, bidearen zati bat, Irunerako noranzkoan, parte hartzaileak Errenteriara bideratzeko erabiliko da, eta bestea, Donostiarako noranzkoan, ibilgailuen zirkulaziorako, GI-2638 errepidearekin lotura eginez (Gaintxurizketa-Lezo).

Une berean, 08:15etik aurrera, GI-636 errepidea bi noranzkoetan itxiko da zirkulaziorako 7,9 kilometro puntuaren (Gaintxurizketako gainaren hasiera) eta 2,5 kilometro puntuaren (Altamira) artean. Ordezko desbideratze bat ezarriko dute GI-2638 errepidean, Altamirako biribilgunera arte, eta handik berriz konektatuko ahal izango da GI-636 errepidearekin, Don Bosco tunelaren eremuan.

GOMENDIOAK

Parte hartzaileen kopuru handia dela eta (30.000 pertsona baino gehiago), eta Gaintxurizketa eta Pasaia bitartean GI-636 errepidearen ardatzean trafikoa denbora luzean etenda egongo denez, Irunen, Donostiaren eta lasterketaren eraginpeko gainerako udalerrien arteko joan-etorrietarako beste errepide batzuk erabiltzea gomendatu dute.

Proba jokatzen den bitartean, debekatuta dago bidean baimendutakoa ez den beste ezein jarduera egitea, hau da, ezingo da oinez joan, zenbakirik gabe korrika egin edota bidean sartu, besteak beste, halakoek arriskua dakarkietelako lasterketan parte hartzen dutenei eta trafikoari oro har, eta zigortuak izan daitezke.

Gainera, igandean hauteskunde eguna ere badenez, antolatzaileek lasterketa igaroko den lekuen inguruan dauden lau hauteslekuetara iristeko pasabideak egokituko dituzte: bat Irunen eta hiru Donostian. Horrela, hautesleku horietara iristea bermatuko da bozkatu ahal izateko. Bozkatzera joango diren pertsonen joan-etorriak direla-eta puntu horietan jarraibideei arreta berezia eskaintzea eskatu dute.

Era berean, probaren aurreko orduetan, lasterketa egingo den bideetatik zirkulatzen duten oinezkoek arreta berezia jarri beharko dute bidetik eta bazterbideetatik oinez zirkulatzeko arauak betetzeko, arrisku jokabideetan erori gabe.