Bergarak Europako Fisika Elkartearen Zientziaren Leku Historiko izendapena jasoko du larunbatean

Actualizado: viernes, 19 octubre 2018 15:44

DONOSTIA, 19 Oct. (EUROPA PRESS) -

Europako Fisika Elkarteak Zientziaren Leku Historiko izendatu du Bergara, eta Rüdiger Voss europar erakundeko presidenteak emango dio aintzatespena Gipuzkoako herriari ekitaldi instituzional batean, larunbatean, urriaren 20an.

Ekitaldia arratsaldez egingo da, eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izango da buru. Gainera, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, Elena Lete Bergarako alkateak, Pedro Miguel Etxenike Donostia International Physics Center-eko (DIPC) presidenteak eta Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak parte hartuko dute, Rüdiger Voss Europako Fisika Elkarteko presidentearekin batera.

Larunbateko ekitaldiak bi zati izango ditu eta zientziarentzako enblematikoak diren bi eraikinetan egingo dira. Horrela, 18:15ean, plaka erakutsiko da Laboratorium eraikineko sarreran. Agintariak iristean, dantzari batek aurreskua dantzatuko du, eta bukatutakoan, Voss-ek plaka desestaliko du.

Bestalde, arratssaldeko 19:00etan ekitaldi instituzionala hasiko da Bergarako Seminarioan, eta Elena Lete, Rudiger Voss, Markel Olano, Pedro Miguel Etxenike eta Iñigo Urkullu izango dira hizlari. Bukatutakoan, Aritzeta Abesbatzak emanaldia eskainiko du.

Europako Fisika Elkartea 1968an sortu zen eta Europako elkarte zientifiko garrantzitsuenetako bat da. Bere kideen artean daude Europako 42 fisika elkarte, fisikaren arlo guztietako banakako pertsonak eta Europako ikerketa erakundeak, eta 130.000 pertsona baino gehiago batzen ditu. Zientzia erakunde gisa, fisikaren aurrerapena sustatzen du, Europako fisika komunitatearen interesak babesten ditu eta nazioarteko elkarlana bultzatzen du.

Duela bi urte, DIPCk proposamen bat aurkeztu zion europar erakundeari, wolframaren aurkikuntzan Laboratorium-aren eta Bergarako Seminarioaren garrantzi zientifiko eta historikoa azalduz. Juan Jose eta Fausto Elhuyar anaiak lehenak izan ziren wolframa isolatzen. Zientzia modernoaren eta teknologiaren aurrerapenean erabakigarria izan zen elementu metaliko berri hori.

Wolframa modu arruntean erabiltzen da lanparen filamentuetan eta altzairu berezien fabrikazioan. Material estrategikoa da eta produktu gutiziatuen zerrendan egon da Bigarren Mundu Gerraz geroztik. Adibide gisa, AEBek sei hilabeteko erreserba nazionalak mantentzen dituzte.