'Berria'-ren jarduera indartu eta egonkortasun ekonomia bermatzeko hitzarmena egin dute Jaurlaritzak eta Berria Taldeak

Actualizado 2019/09/25 14:43:46 CET
- IREKIA

Jaurlaritzak 2.320.000na euro inbertituko ditu euskarazko egunkarian 2019an, 2020an eta 2021ean

DONOSTIA, 25 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak eta Berria Taldeak bien arteko hitzarmen berria sinatu dute asteazken honetan, Donostian, 'Berria' egunkariaren jarduera indartzeko eta proiektuaren egonkortasun ekonomikoa bermatzeko. Akordioaren bitartez, euskarazko egunkariak berretsi du bere konpromisoa egunero kalitateko edukiak eskaintzeko Interneten zein paperean, "euskal gizartean dagoen aniztasuna" bermatuz.

Hitzarmena hiru urtekoa da, eta Jaurlaritzak 2.320.000na euro inbertituko ditu 2019an, 2020an eta 2021ean (guztira, 6.960.000 euro). Akordioak bat egiten du Kultura eta Hizkuntza Politika Saila euskarazko hedabideak indartzeko legealdi honetan egiten ari den apustuarekin.

Hitzarmenaren aurkezpena Eusko Jaurlaritzak Donostian duen egoitzan egin da, eta bertan izan dira Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea, Estibaliz Alkorta Euskara Sustatzeko zuzendaria, Martxelo Otamendi 'Berria'-ko zuzendaria, Beatriz Zabalondo Berria Taldeko presidentea, eta Iban Arregi Berria Taldeko kontseilari ordezkaria.

Zupiriak adierazi du hitzarmena euskarazko hedabideek egiten duten lanaren aitortzatik abiatzen dela. Nabarmendu du Jaurlaritza "apustu nabarmena" egiten ari dela legealdian zehar euskarazko hedabideak indartzeko eta beren komunikazio proiektuak egonkortzeko, "garrantzi handikoa baita egiten duten ekarpena euskararen ikuspuntutik".

"Funtsezkoa da hedabide publikoek egiten duten lana, eta estrategikotzat hartzen dugu, baita ere, hedabide pribatuen lana euskaraz informatzeko eta eduki interesgarri eta erakargarriak sortzeko. Aitortza horretatik abiatuta, legealdi honetan ikusi dugu beharrezkoa zela orain arte zegoen finantzazio publiko-pribatu ereduan aldaketa batzuk txertatzea. Eta hortik sortu da gainontzeko erakundeekin eta hedabideekin adostutako eredu berria", azaldu du.

Modu honetan, Zupiriak aipaturiko eredu berriak bi alderdi ditu. Alde batetik, Jaurlaritzak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Hekimen elkarteak hitzarmen berria aurkeztu zuten joan den martxoan euskarazko hedabideen jarduera diruz laguntzeko. Hitzarmenaren helburuetako bat zen ordenatzea erakunde bakoitzaren ardura euskarazko hedabideak sustatzeko bidean eta administrazio guztientzat irizpide adostu batzuk ezartzea.

Hala, akordio horrek zehazten du erakunde bakoitzak lagunduko dituen hedabideak: aldundien kasuan, lurraldeetako idatzizko hedabideak, eta, Jaurlaritzaren kasuan, izaera nazionaleko hedabide orokorrak eta espezializatuak zein lurraldeetako telebistak, irratiak eta Internet bidezko komunikabideak.

Bestetik, martxoan iragarri bezala, eredu berriak aurreikusten du Jaurlaritzaren eta 'Berria' egunkariaren arteko lankidetza hitzarmen bat, hain zuzen ere, asteazken honetan aurkeztu den akordioa.

KONPROMISOAK ETA BETEBAHARRAK

Hitzarmenaren arabera, 'Berria'-ren konpromisoa izango da egunero kalitateko eduki interesgarri eta erakargarriak sustatzea, Interneten zein paperean. Halaber, honako helburuak bete beharko ditu hurrengo hiru urteetan: irakurle kopuru nahikoa izatea, bere eskaintza informatibo eta iritzikoan euskal gizartean dagoen aniztasuna bermatzea, irakurlegoaren bilakaeraren jarraipena egitea, euskaldunon hiztun jardunaren erdian jartzea, bideragarritasun ekonomikoa lortzea eta, gutxienez, %55eko finantzaketa propioa bermatzea.

Gainera, Eusko Jaurlaritzaren betebeharrak jasotzen ditu hitzarmenak. Horrela, akordioan zehaztu denez, Eusko Jaurlaritzaren laguntza ekonomikoari dagokionez, hiru urteko kopurua lau ekitalditan banatuta emango du (6.960.000 euro).

Era berean, hitzarmenaren bitartez jarraipen batzorde bat eratuko da ezarritako helburuak betetzen direla ziurtatzeko. Horretarako, jarraipen batzordeak hitzarmena aplikatzeko irizpideak ezarriko ditu eta sor litezkeen interpretazio eta betetze arazoak konponduko. Jarraipen batzordea hitzarmena izenpetu eta, beranduenez, hilabetera bilduko da lehen aldiz.

EREDU BERRIA ABIAN

Modu honetan, behin hitzarmena 'Berria'-rekin sinatuta, abian da euskarazko hedabide pribatuak sustatzeko eredu berria. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak uda honetan onartu du gainontzeko hedabideentzako diru laguntza deialdirako diru-ekarpena.

Aurkeztutako eredu berriaren arabera, Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek 10,5 milioi euro jarriko dituzte guztira, urtero, euskarazko hedabideak laguntzeko, orain arte jartzen zutena baino 3,1 milioi euro gehiago.

Jaurlaritzari dagokionez, guztizko kopuru horren barruan, 7,8 milioi euro jarriko ditu, orain arte jartzen zuena baino hiru milioi gehiago (5,5 miloi euro diru laguntza deialdian eta 2,3 milioi 'Berria'-rekin sinatutako hitzarmenerako).

Hedabideen deialdian zein 'Berria'-rekin sinatu den hitzarmenaren kasuan zehaztu da hedabideen bideragarritasuna ez dela erakundeen ardura izango, baizik eta proiektu bakoitzarena. Hori dela eta, irizpide orokor gisa ezarri da diru laguntza bidezko estaldura aurrekontuaren %30era hel daitekeela.

Contador