Bertso Eguna urtarrilaren 26an ospatuko da, Barañainen

Bertso Eguna 2019
BERTSOZALE ELKARTEA
Actualizado 2019/01/14 13:53:53 CET

   BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

   Bertso Eguna datorren urtarrilaren 26an ospatuko da, Barañainen (Nafarroa), eta bazkarirako txartelak zein arratsaldeko emanaldirako sarrerak www.bertsosarrerak.eus web orrian daude eskuragai. 50. Bertso Eguna izango da, eta Bertsozale Elkarteak, Barañaingo Udalak eta Barañaingo Bertso Eskolak antolatu dute.

   Bertsozale Elkarteko bazkideek eta gazteek arratsaldeko ekitaldirako sarreretan deskontua izango dute. Bazkaria Barañaingo udaletxearen aurrean atonduko den karpan izango da, 15:00etan, eta emanaldia auditoriumean, 19:00etan, Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez.

   Oholtzara igoko dira kantuan Beñat Gaztelumendi, Julio Soto, Maddalen Arzallus, Maialen Lujanbio eta Xabat Gallatebeitia bertsolariak, eta bertso eskola izango da emanaldiaren haria. Nerea Ibarzabal bertsolaria eta "Aulki Jokoa" saioan aurkezle izan den Edurne Azkarate aritu dira prestaketa lanetan.

   "Bertso eskolako kide guztiak identifikatuta sentitzeko moduko saio bat ari gara prestatzen", azaldu du Ibarzabalek. Azkaratek gidatuko du saioa: "Oholtzan gaudenen eta publikoaren arteko mugak hausteko aukera egokia izan daiteke".

   Halere, egun osoko egitaraua izango da, eta goizean zehar ere izango da zer egin. Horrela, 11:00etan, "Enkarguz" emanaldiaz gozatzeko aukera izango du Alaitz ikastetxean; Lanku Kultur Zerbitzuek bideratutako Andoni Egañaren eta Xabi Zabalaren emanaldi berria da, eta sarrera doakoa izango da.

   Eguerdian poteoan izango da Barañaingo tabernaz taberna eta Euskal Herri osoko 12 bertsolari ariko dira bidean kantari: Aitor Servier, Alaia Martin, Andoni Egaña, Arrate Illaro, Eli Pagola, Gorka Pagonabarraga, Mikel Lasarte, Miren Artetxe, Saioa Alkaiza, Sarai Robles, Unai Iturriaga eta Xabi Igoa. Jarraian etorriko dira bazkaria eta arratsaldeko emanaldia, eta gauean ere izango da jaia nola luzatu.

   Bestalde, antolatzaileek jakinarazi dutenez, Bertso Eguna urte hasieran ospatzen da eta udazken hasieran Bertso Eskolen Eguna, baina 2019an biak elkarrekin ospatuko dira. "Bertso Eguna ibiltaria eta formatuz aldakorra izango zela erabaki genuen, eta hau bigarren edizioa izango da. Aurten, gainera, Bertso Eskolen Eguna eta Bertso Eguna bateratu ditugu", argitu du Jone Uria Bertsozale Elkarteko Sustapen arduradunak.

   Horrez gain, Nafarroako Bertsozale Elkarteak urteroko bilkura egiteko baliatuko du hitzordua, eta Barañaingo Kultur Etxean egingo du, goizeko 09:30ean.

Contador