Actualizado 17/12/2013 21:09 CET

Bertsolari Txapelketa Nagusia irailaren 29an hasi eta abenduaren 15ean amaituko da

Bertsolari Txapelketa Nagusia aurkeztu dute
Foto: BERTSOZALE ELKARTEA

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

   Bertsolari Txapelketa Nagusiaren XVI. edizioa irailaren 29an hasi eta abenduaren 15ean amaituko da. Bertsozale Elkarteak antolatzen duen zortzigarren aldia da eta 14 saiok osatuko dute, 43 bertsolariren parte hartzearekin. Amasa-Villabonan abiatuko da eta hirugarren aldiz Barakaldoko BECen jokatuko da finala.

   Bertsozale Elkarteko arduradunek Bilbon eskainitako prentsaurrekoan jakinarazi dutenez, txapelketan parte hartuko duten 43 bertsolariekin batera, 14 lagunek osatuko dute gai jartzaile taldea eta 16 izango dira epaile lanetan arituko direnak.

   Parte hartzaile guztietatik bi arabarrak dira, 11 bizkaitarrak, 21 gipuzkoarrak, lau nafarrak eta bost Ipar Euskal Herrikoak. Andoni Egañak uko egin dio parte hartzeari, eta aurrekoan finalean aritu zenez, ez da inor sartu haren ordez; Iñigo Izagirrek ere uko egin dio, eta Iñaki Zelaiak ordezkatu du.

   Elkarren osagarriak diren bi webgune ditu aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusiak. Alde batetik, www.bertsozale.com dago; 2012ko amaieran berritu zen Bertsozale Elkartearen webgunea eta bertan Txapelketa Nagusiak azpiatal berezia du, informazio osoa eskainiz.

   Beste alde batetik, www.bertsoa.com bertsolaritzaren interneteko telebista da, Bertsozale Elkarteak eta Librean kooperatibak elkarlanean egiten duten ataria; Txapelketa Nagusiak bere gunea izango du www.bertsoa.com-en barruan.

   Horrez gain, Bertsolari Txapelketa Nagusia sare sozialen bitartez ere jarraitu ahal izango da, facebook eta twitteren; azken honetan #btn13 traola erabiliko da Txapelketaren berri emateko.

   Bestalde, euskaltegietako ikasleak Txapelketa Nagusiko saioak ikustera animatu asmoz, saioak jarraitzeko ikastaro didaktikoak eskainiko zaizkie. Horretarako, Bertsozale Elkartea honako euskalduntze erakunde eta euskaltegiekin ari da elkarlanean, hala nola AEKrekin, Hizkuntza Eskola Ofizialekin, IKA euskaltegiekin, Bilboko Zenbat Gara elkartearekin, Lazkaoko Maizpide euskaltegiarekin eta beste hainbat euskaltegirekin.

FASEAK ETA SAILKAPENAK

   Hiru sailkapen fasetan banatuko da Txapelketa: kanporaketak, finalaurrekoak eta finala. Kanporaketetan 36 bertsolari izango dira lehian, guztiak herrialdeko txapelketetan sailkatuak. Sei bertsolariz osatutako sei talde egingo dira eta saio bakarrera lehiatuko dira. Talde bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da hurrengo fasera, eta puntu gehien batzen dituzten hamabiekin osatuko da finalaurrekoetara pasatuko den taldea.

   Finalaurrekoetan 24 bertsolari lehiatuko dira: izena eman duten 2009ko sei finalista eta kanporaketako saioetatik sailkatu diren 18 bertsolariak. Bi itzuli izango ditu finalaurreko faseak: lau saio lehenengoan eta hiru bigarrenean. Bi saioetako puntuazioak gehitu egingo dira, baina lehen itzulian puntu gutxien lortu duten sei bertsolariek bigarren itzulian ez dute kantatuko.

   Lehen itzulitik bigarrenera, saio bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da hurrengo itzulira; puntu gehien batzen dituzten beste 14 bertsolarirekin osatuko da finalaurrekoen bigarren itzulira pasatzen den taldea. Taldeak aldatu egingo dira lehen itzulitik bigarrenera.

   Azkenik, finalean zortzi bertsolari lehiatuko dira: 2009ko txapelduna eta finalaurrekoetatik puntuazioz sailkatutako zazpiak. Hiru saiotan banatuko da ekitaldia: goizean zortzi bertsolariak jardungo dira, eta zortzi bertsolariekin emango zaio hasiera ere arratsaldeko jardunari; azkenean, puntu gehien batu dituzten bi bertsolarien arteko lehia egingo da: buruz burukoa. Egun osoko jardunean puntu gehien dituen bertsolaria izango da txapeldun.

   Saioetarako sarrerak aurrez internet bidez bakarrik erosi ahal izango dira www.bertsosarrerak.eu atarian, eta dagoeneko salgai daude kanporaketa guztietarako eta finalerako sarrerak. Finalaurrekoetarako sarrerak urriaren 14tik aurrera egongo dira salgai. Internetez ez ezik, herri askotan salmenta puntuak izango dira finalerako sarrera, autobus eta bazkari txartelekin. Salmenta puntuen zerrenda www.bertsozale.com atarian kontsultatu ahal izango da.