'Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen' liburua argitaratu du UEUk

Actualizado 2019/10/22 13:25:17 CET
Ane Labaka (ezkerrean) eta Miren Artetxe.
UEU

DONOSTIA, 22 (EUROPA PRESS)

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) 'Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen' izenburuko liburua argitaratu du, Miren Artetxe eta Ane Labaka bertsolari eta ikertzaileen koordinaziopean. Bertsolaritzaren eta feminismoaren uztarketari buruzko gogoetarako eta eztabaidarako materiala biltzea da argitalpenaren helburu nagusia. Liburua salgai dago jada www.ueu.eus/denda web orrian.

Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egin da liburuaren aurkezpena, astearte honetan, eta Miren Artetxe eta Ane Labaka liburuaren koordinatzaileek eta Kepa Sarasola UEUko zuzendariak hartu dute parte.

Azaldu dutenez, bertsolaritzaren eta feminismoaren uztarketa aipagai den honetan, gogoetarako eta eztabaidarako materiala biltzea da liburuaren helburu nagusia: alde batetik, egin diren eta egiten ari diren zenbait ikerketa eta hausnarketari leku propioa egin eta ikusgarritasuna emateko eta, bestetik, etorkizuneko gogoetak bideratu, zorroztu, osatu zein zabaltzeko nolabaiteko abiapuntua proposatzeko.

Artetxeren eta Labakaren esanetan, perspektiba feministaz hitz egitea ez da kontu berria bertso munduan, eta mugimendu zein akademia feministaren eta bertsolaritzaren arteko lotura ere ez da oraintsuko kontua. Hala ere, haien esatena, azken urteotan bertsogintzaren zein bertsolaritzaren irakurketa feministek oihartzun handiagoa lortu dute: "Irakurketon oihartzuna da, ordea, askori heltzen zaiguna. Eta liburu honetan hotsen iturburuetara jo nahi izan dugu: bertso mundua feminismotik aztertzen duten hainbat gogoeta lan interesgarri dira hemen bildutakoak, entzun nahi dituenarentzat irakurgarri".

Liburuaren abiapuntua iaz Iruñean egin zen 'Bertsolaritza genero ikuspegitik' UEUko udako ikastaroa da. Ikastaroaren helburu nagusia bertsolaritzaren eta genero ikuspegiaren arteko uztarketa ardatz gisa hartuta gogoetarako eta eztabaidarako materiala biltzea izan zela azaldu dute koordinatzaileek.

"Jakitun ginen emakumeen lekuaz edota perspektiba feministaz hitz egitea ez zela kontu berria bertso munduan, eta ordura arte modu sakabanatu samarrean gauzatutako ikerketa eta eztabaida haiei oinarri komun moduko bat ezartzea izan zen helburua. Ikastaroa guztiz mamitsua eta aberasgarria izan zen eta bertan egon ginenok mugarri moduan ere bizi izan genuen. Gerora, han partekatutakoak liburu forman biltzeko beharra sentitu dugu. Aurrerantzean inork gaiarekiko interesa izanez gero, edo gai hauen inguruko beste ekarpenen bat egin nahiko balu, nora joa izan dezan", adierazi dute.

Artetxe eta Labakaren esanetan, feminismotik pentsatzeak ez du esan nahi emakumeei buruz pentsatzea denik: "Alderantziz, feminismotik ez pentsatzeak gizarte honetan pentsamendu androzentrista dakar ezinbestean, eta maiz hitz egiten dugu bertsolaritzaz, bertsolariaz zein bertsolariez oinarri neutro gisa gizonak hartuz".

Liburu honekin orain arte idatzitako guztiari berebiziko iraulaldirik ez diotela emango diote liburuaren koordinatzaileek, eta beraien lana, azken batean, bertsolaritzari perspektiba feminista batetik begiratuz orain arte egin diren lan batzuen bilduma egitea izan dela esan dute.

ARTIKULUAK

Ahalik eta aniztasun gehien lortu nahian, gai eta formatu ezberdinetako artikuluak bildu dituzte liburuan, ekarpen hertsiki akademikoetatik hasi eta formatu aldetik askeagoak direnetaraino. Azaldu duenez, "guztiei leku egin asmoz, kontzienteki egin dugu zenbait dikotomia eraisteko ahalegina: bizipenak vs. gogoeta, aditu vs. arituak, akademia vs. herri jakintza. Horrez gain, emakume bertsolari bat arduratu da artikulu bakoitzari atariko bertso bat josteaz. Kolektibotasuna bistaratzeko saiakera da, hain zuzen ere, hamalau bertso horien bidez egin nahi izan duguna".

Horrela, liburuan parte hartu dute Izar Alguerók ('Sofatik oholtzara'), Uxue Alberdik 'Bertsoraino (Kontrako eztarritik lanaren alderdi teorikoa)', Maider Arregik ('Sofatik oholtzara'), Miren Artetxek ('Emakume bertsolari garaikideak. Ahalduntze-prozesu baten kontaketa'), Maite Berriozabalek ('Gaien garrantzia errealitate eta diskurtsoen eraikuntzan'), Mari Luz Esteban Galarzak ('Begirada bat bertsolaritzara feminismotik'), Jone M. Hernándezek ('Gorputz bat ikusten dut zure ahotsean. Gorputz generizatuak bertsolaritzaren soinu-bidean') eta Nerea Ibarzabalek ('Naturaltasunaren azpiko guztia').

Halaber, Oihana Iguaranek ('Emakumeak bertsogintzan: gai izatetik gai izatera'), Ane Labakak ('Irribarre erditik irribarre osora. Bertsolaritzan garatutako umorea(k))', Carmen Larrañagak ('Bertsolaritza: maskulinitatearen habitat'), Maialen Lujanbiok ('Arbola hazten, azala zartatzen. Azken 40 urteak bertsolaritzan: bertso-eskolaren sorrera eta emakumeen sarrera'), Maite Martinezek ('Sofatik oholtzara'), Elixabete Perezek ('Joxepa Antoni Aranberri bertsolaria, plazandre feminista?'), Iratxe Retolazak ('Bertsolari emakumeak vs idazle emakumeak: kultur esparruak, kultur autoritateak eta genero-logikoak') eta Harkaitz Zubirik ('Altzairua. Kristala. Material organikoa') ere artikulu bana idatzi dute libururako.

Kepa Sarasola UEUko zuzendariak ere pozik aurkeztu du liburua. Gogoratu du liburuaren abiapuntua iaz Iruñean egindako Udako Ikastaro batean dagoela, eta hausnarketa horrek liburu moduan jarraipena izan duela ikustea "oso pozgarria" dela nabarmendu du. "UEUren zeregina da hausnarketa guneak sortu eta horren emaitzak gizartearen esku jartzea, eta gaur aurkezten dugun liburu hau horren adibide argia da", esan du.