Beti Jai Alai dantza taldeak 50 urteko ibilbidea ospatuko du igandean, Arriaga antzokian

Beti Jai Alai taldeko dantzariak
ARRIAGA ANTZOKIA
Actualizado: viernes, 16 noviembre 2018 17:42

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

Beti Jai Alai dantza talde bilbotarrak 50 urteko ibilbidea ospatzeko "oso emanaldi berezia" eskainiko du igandean, azaroaren 18an, Bilboko Arriaga antzokian, arratrsaldeko 19:00etan. Omenaldia taldeko kide izan diren guztiei zuzenduta egongo da, eta, batez ere, duela gutxi hildako Jon Pertika taldearen sortzaileetakoari.

Arriaga antzokitik jakinarazi dutenez, Basurtu auzoko sentimendu euskaldunetik sortu zen Beti Jai Alai taldea, eta gaur egun "gure kulturaren eta tradizioaren benetako erreferentea da, 1968ko apirilaren 21ean Casilla pabiloian lehenengo emanaldia eskaini zuenetik jendaurrean egin dituen emanaldi guztiei esker".

"Dantzaren eta musikaren bitartez, Beti Jai Alaik euskal kulturarekiko maitasuna transmititu du mota guztietako agertokietan, ekitaldietan, jaietan edo erromerietan. Bost hamarkadatan taldearen parte izan diren ehunka pertsonei esker izan da hori posible", azaldu dute.

Horrela, Beti Jai Alai taldea Arriaga antzokira itzuliko da 50. urteurrena ospatzeko, kide izan diren guztiei eta, batez ere, taldearen sortzaileetako bat izan zen Jon Pertika zenari omenaldia eskainiz. "Pasioz betetako eta dantza taldean buru belarri inplikatutako gizonak euskal kulturaren alde egindako lana aintzatestea behar beharrezkoa da", nabarmendu dute.

Igandeko emanaldian, Beti Jai Alaik bere dantza esanguratsuenen erakusketa bat eskainiko du, ikus-entzunezko bitartekoekin indartutako ikuskizunean. Andoni Arestiren koreografiak izango dira eta Kepa Junkerak ere parte hartuko du emanaldian.

Gaur egun, 150 pertsona inguruk osatzen dute Beti Jai Alai, dantzarien, musikarien, umeen eta kide ohien abesbatzaren artean, eta Euskal Herri osoko dantzak eta melodiak biltzen dituen errepertorio zabala du.

Ikuskizunerako sarrerak 6,50 eta 18 euro artean erosi daitezke www.teatroarriaga.eus web orrian, 946 850 850 telefonora deituz edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.