Bi gizon atxilotu dituzte Bilbon telefonia mugikorra kontratatzean iruzurra egiteagatik

Actualizado 2011/03/02 13:13:35 CET

BILBO, 2 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agentek 39 eta 44 urteko bi gizonezko atxilotu zituzten atzo Bilbon, telefonia mugikorra kontratatzerakoan maula egiteagatik eta dokumentazio faltsua erabiltzeagatik, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Bilboko erdigunean izan zen gertaera atzo arratsaldeko 13:00ak inguruan. Kalez jantzitako zenbait agentek aldez aurretik maula egiteagatik eta beste delituengatik atxilotuak izan ziren bi gizonen presentzia detektatu zuten. Hala, euren mugimenduak jarraitzea erabaki zuten eta bi telefonia dendatan sartzen zirela ikusi zuten.

Bigarren dendan identifikatu zituzten susmagarriak eta aurreko egunean dokumentazio pertsonal eta banku-dokumentazio faltsuarekin bi linea kontratatu zituztela jakin zuten. Arrazoi horregatik atxilotu zituzten eta maula egitea eta dokumentazio faltsua erabiltzea leporatu zieten. Ostean, epailearen esku gertatu ziren.