Actualizado 12/05/2022 12:51

Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko Eguna ospatuko dute larunbatean Gasteizko Foru plazan

Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko Eguneko azoka aurkeztu dute
GASTEIZKO UDALA

GASTEIZ, 12 (EUROPA PRESS)

Gasteizek bat egingo du Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko Egunarekin larunbatean, maiatzaren 14an, 'Berdintasunaren alde. Bidezko Merkataritza gara' lelopean, eta hiritarrei zabalik egongo diren hainbat jarduera antolatu dira Foru plazan, 11:00etatik 20:00etara.

Ostegun honetan aurkeztu dute programa Gasteizko udaletxean Jon Armentia Garapenerako Lankidetzako zinegotziak eta Itsaso Sanchez Zentzuz Gasteizko Bidezko Merkataritza eta Kontsumo Arduratsuko Sareko ordezkariak.

Hain zuzen, Zentzuz, Manos Unidas eta Oxfam Intermon erakundeek Gasteizko Udaleko Lankidetza Zerbitzuaren finantzaketarekin eta Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin bultzatutako jardunaldia kontsumo alternatiben azoka batekin hasiko da.

Askotariko gaiak jorratuko dituzten erakusguneak izango ditu, besteak beste, banka etikoa, energia berriztagarriaren kontsumoa, energia berriztagarrietan oinarritutako jokoak, artisautza, bigarren eskuko arropa, elikadura ekologikoa, telefonia eta Internet eta banaketa iraunkorreko kooperatiba.

Gainera, Teatro Sobre Ruedas konpainia mikroantzezlanak eskainiko ditu, ikusle guztientzakoak. 15 minutuko emanaldiak izango dira, etenik gabe, goizez zein arratsaldez, 12:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 19:00etara.

Egunean zehar jarduera gehiago egongo dira, hala nola haurrentzako lantegiak, graffiti tailerra Fill In Culture kolektiboarekin batera eta Machines taldearen kontzertua, 19:00etan hasiko dena eta egunari amaiera emango diona. Gainera, egun osoan zehar kantina bat jarriko da, eta bertan bidezko merkataritzako janaria eta edaria dastatzeko aukera izango da, baita RootGasteiz proiektuak prestatutako plater batzuk ere.

Aukezpenean azaldu dutenez, larunbateko jardunaldiaren bidez, genero berdintasunean aurrera egiteko lan egitea justizia kontua dela, gizarte osoari mesede egiten diola eta garapen jasangarria bultzatzen duela nabarmendu nahi da.

"Bidezko merkataritzak emakumeak ahalduntzen eta genero arrakala eta gizarte rolak hausten laguntzen du, bere erakunde guztiek bete behar dituzten hainbat neurriren bidez: emakumeen enplegua bultzatzea, zuzendaritza taldeetan egotea, soldata berdintasuna eta langileentzako lanbide prestakuntza", adierazi dute.

Contador