Bikoteetan eta lagun taldeetan hizkuntza ohiturak aldatzeko metodologiekin proba pilotuak egin dira Arabako Lautadan

Proba pilotuan parte hartzen diren bikoteetako batzuk.
SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRA
Actualizado: lunes, 30 noviembre 2020 12:00

GASTEIZ, 30 (EUROPA PRESS)

Soziolinguistika Klusterra eta Arabako Lautadako Euskararen Komunitatea elkarlanean ari dira joan den udaberritik, hizkuntza ohiturak aldatzeko metodologiak harreman afektiboetan baliatzeko. Zehazki, Eusle metodologia praktikan jarri dute hiru lagun talde edo koadrilatan, eta Ulerrizketa metodologia baliatu dute Lautadako herri desberdinetako bost bikotek.

Soziolinguistika Klusterrak jakitera eman duenez, hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera handiagoa eragiteko metodologiak sortu ditu Aldahitz proiektuan, Pello Jauregi irakaslearen zuzendaritzapean, 2010etik hona. Metodologia hauek, lan munduaren testuinguruan sortu eta probatu izan dira nagusiki. Hala ere, azken urteetan, beste testuinguru batzuetara egokitzeko proba pilotuak ere martxan jarri dira, tartean Arabako Lautadakoa.

Horrela, Arabako Lautadako lagun talde eta bikote hauek, aipatutako metodologietan zehaztutako rolak baliatzeko beharrezko azalpenak eta formakuntza jaso zituzten irailean zehar Pello Jauregiren eskutik. Baldintzak ongi ezagututa, erabakia hartu zuten proba pilotuan parte hartu eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ahalegina egitekoa. Ondoren, zortzi astetan zehar praktikan jarri dute adostutako hori.

Soziolinguistika Klusterra arduratu da esperientziaren jarraipenaz eta prozesu osoan zehar datuak biltzeaz. Orain bildutakoarekin eta hiru hilabete pasa ostean esperientziak utzitakoa ezagutzeko egingo den azken datu bilketarekin, proba pilotu hauen emaitzak 2021eko udaberrian izatea aurreikusi da.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Arabako Lautadako Kuadrillaren finantziazioarekin eramaten ari dira aurrera proiektu pilotuak.