Bilbao Hiria 30. Pop Rock Lehiaketako finalak ostegunean hasiko dira

Finalistak iragarri dituzte
BILBOKO UDALA
Actualizado: miércoles, 17 octubre 2018 11:18

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

Bilbao Hiria Pop Rock Lehiaketako 30. edizioko finalak aste honetan izango dira. Hain zuzen, Pop Rock kategoriako finala ostegunean izango da, urriaren 18an, Metal kategoriakoa ostiralean, 19an, eta Urban kategorietakoa 20an, larunbatean. Ohiko moduan, kontzertuak Bilborock aretoan izango dira, 20:00etan, eta streaming bidez ikusi ahal izango dira http://bilbaogazte.bilbao.eus/2018/10/04/bilbao-hiria-pop-rock-lehiaketaren-finalistak/ webgunean.

Modu honetan, Bilboko Udalak jakinarazi duenez, Wizard eta Mama Killa talde frantsesak eta Kings of The Beach talde galiziarra lehiatuko dira ostegunean Pop Rock kategoriako saria irabazteko. Ostiralean, aldiz, Metal kategoriako sari nagusia eskuratzeko lehian arituko dira Manipulation talde poloniarra, Incursed bizkaitarra eta Perpetual Night andaluziarra. Bukatzeko, larunbatean Urban kategoriako finala jokatuko da, eta hemen ere hiru talde lehiatuko dira: Ttun Ttun Brigade eta Shintoma talde bizkaitarrak eta Beatlove andaluziarra.

Kategoria bakoitzeko talde irabazleak 4.000 euro jasoko ditu, bigarren sailkatuak 2.000 euro, eta hirugarrenak 1.300 euro. Era berean, 1.000 euroko balioa duen epaimahaiaren sari berezia ere emango zaio finalista atera ez den Bizkaiko talde edo bakarlari bati, bertoko taldeen lana sustatu eta balioa eman nahian. Eskudirutan banatuko diren sariez gain, babesleen zenbait sari ere banatuko dituzte.

Sailkapen fasea irailaren 13an hasi eta urriaren 5ean bukatu zen, eta 900 pertsona inguruk ikusi dute lehiaketako kontzerturen bat. Ikusleek kontzertuen kalitatea azpimarratu dute. Taldeen azken aukeraketa egiteko, kontuan hartu da epaimahai profesional baten balorazioa eta ikusleen irizpena. Lehenengoan musikaren arloko 11 espezialista izan dira, bost Pop Rock modalitatean eta hiruna Metal eta Urban kategorietan. Gainera, ikusleek botoa eman ahal izan dute sailkapeneko kontzertuen ondoren.