Bilboko Arte Ederren Museoak eta Bilboko Koral Elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute

Miguel Zugaza hitz egiten, atzean Iñigo Alberdi duela.
BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOA
Publicado: lunes, 24 junio 2019 17:31

BILBO, 24 Jun. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Arte Ederren Museoak eta Bilboko Koral Elkarteak bien arteko lankidetza hitzarmena sinatu dute, astelehen honetan, kultur arloan mantentzen duten elkarlana indartzeko helburuarekin. Iñigo Alberdi Bilboko Koral Elkarteko gerenteak eta Miguel Zugaza Bilboko
Arte Ederren Museoaren zuzendariak sinatu dute akordioa.

Hitzarmena aurkezteko agerraldian nabarmendu dutenez, mende batetik gorako historia duten Bilboko bi kultur erreferente dira museoa eta abesbatza. Koral Elkartea 1886an sortu zen, musikaren ezaguera eta hedapena sustatzeko asmoz, eta arreta berezia eman zion kantu
koralari. Museoa, aldiz, 1908an sortu zen, antzinako artearen, arte modernoaren eta arte garaikidearen bilduma jaso, gorde, ikertu, erakutsi, aberastu, zerbitzuak mantendu eta kalitatezko jarduerak sustatzeko.

Orain, "Artearen ahotsak. Bilboko Korala Arte Ederren Museoan" izenburupean, bi erakundeen arteko hitzarmenaren bidez programa bat garatuko da, eta, horren baitan, koral elkarteko hiru abesbatzetako edozeinek, alegia, haurrenak, gazteenak edo helduenak, bi emanaldi egingo ditu urtean, museoan; gainera, museoaren hezkuntza programaren parte izango den lantegi didaktiko bat antolatuko du.

Azkenik, koraleko bazkideek eta museoko lagunek hainbat onura jasoko dituzte: koraleko bazkideek jasotzen duten deskontu bera izango dute museoko lagunek, kontzertuetara joateko sarrerak erosteko eta udan antolatzen diren haurrentzako musika udalekuetan izena emateko orduan, eta koraleko bazkideek tarifa murriztua ordaindu ahalko dute, museoa bisitatzeko.