Bilboko Udalaren "Drogei buruzko informazioa emateko gaueko gunea" programa pilotuak 956 pertsona artatu ditu

Actualizado 2014/01/31 17:20:39 CET

BILBO, 31 Ene. (EUROPA PRESS) -

   Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak 956 pertsona artatu ditu "Drogei buruzko informazioa emateko gaueko gunea" programa pilotuaren bidez. Proiektua zortzi larunbatetan egin zen, joan den urteko azaroan eta abenduan, eta horretarako, karpa bat instalatu zen Zamudioko Atea kalean, gazte asko ibiltzen den lekua baita, 22:30etik 02:00etara bitartean.

   Horrela, programaren arduradunek azaldu dutenez, artatutako 956 pertsonetatik, %62,2 gizonezkoak eta %37,4 emakumezkoak izan ziren. Horietatik, hamarretik ia zortzi 35 urtetik beherakoak ziren, eta artatu ziren pertsona guztiak hartuta, batez besteko adina 28 urte izan zen.

   Alkoholemia kontroleko probei dagokienez, ia erdiak positiboak izan ziren. Era berean, galdera gehienak alkoholari buruzkoak izan ziren, eta arlo horretan egin zen prebentzio lan handiena. Tabakoa eta kalamua izan ziren kontsulten bigarren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren.

   Programaren arduradunen arabera, gazte batzuek alkohola eta beste droga batzuk kontsumitzen diren espazioetan igarotzen dute asteburuko gauetako aisialdia. Hori ikusita, programaren helburua da gazte horiek zerbitzu bat edukitzea droga horiekin lotutako arriskuen kontzientzia hartu ahal izateko eta arriskuei buruzko informazioa jaso ahal izateko, bai eta kontsumo seguruago eta arduratsuago baterako jarraibideak proposatzea ere.

   Hauek dira ekimenaren helburu zehatzak: zerbitzua erabiltzen duten pertsonak sentsibilizatzea eta drogen erabilera batzuek arriskutsuak izan daitezkeela transmititzea, kontsumoekin lotutako arriskuei buruzko informazioa ematea, substantziari, pertsonari edo inguruari dagokionez, eta beharrezkoa denean, laguntzako baliabideetara bideratzea.

FUNTZIONAMENDUA

   Sasoia izeneko elkartea da ekimena martxan jartzeaz arduratzen dena. Informazioa emateko gunean, drogamenpekotasunen arloko hiru adituk alkoholemia testa egiten diete espazio horretara doazenei, eta legezko edo legez kanpoko substantziei buruzko informazioa ematen diete.

   Horrela, Sasoia elkarteko profesionalek arriskuak ekar ditzaketen kontsumoei buruzko gogoeta bultzatzen dute erabiltzaileengan, horiek kudeatzeko modua bilatzen laguntzen diete eta autozainketa, ardura, norbere osasuna eta osasun soziala sustatzen dute.

   Programa modu positiboan ebaluatu ondoren, 2014an ere "Drogei buruzko informazioa emateko gaueko gunea" programarekin jarraitzea aurreikusi du Bilboko Udalak. Horrela, otsailean berriro jarriko da karpa Zamudioko Atea kalean eta interesa dutenak larunbat gauetan joan daitezke, 22:00etatik 01:30era bitartean.